Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.
Parlamentuko osoko bilkurak ostegun honetan onartu du Geroa Baik aurkeztutako ebazpena, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien botoekin. UPNk, PPNk eta Voxek aurka bozkatu dute. Ebazpenean eskatzen zaio Espainiako Gobernuari "indarrean dagoen Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea erreformatzeko", "Espainiako Konstituzioan eta nazioarteko legedian jasotako oinarrizko eskubide eta askatasunen babesarekin bat etor dadin, egungo koalizio gobernua osatzeko hartutako konpromisoak betez".
Geroa Bairen arabera, lege horrek "eskubideak –bilerak, manifestazioa– eta oinarrizko askatasunak murrizten ditu" –adierazpena, informazioa, sindikatua edo greba–, eta zigor-atal "neurrigabea" du. Koalizioaren ustez, "askatasunaren eta segurtasunaren arteko oreka" saihesten du, "legezkotasunaren printzipioa" zalantzan jartzen du eta erakunde publikoen “izaera bermatzailea” ere bai. Erreforma, beraz, guztiz beharrezkoa litzateke, "gizarte demokratiko aurreratu bati ez dagokion edozein jarduera autoritariotik aldentzeko".
Gogoratu dute, halaber, nazioarteko hainbat erakundek egin dituztela antzeko ohartarazpenak eta eskatu izan dutela legearen erabateko erreforma, hala nola, Amnistia Internazionalak, Errefuxiatuak Laguntzeko Espainiako Batzordeak (CEAR) edota Informazioaren Defentsarako Plataformak,
Legealdiaren hasieran, PSOE eta Sumarren koalizioa sostengatzen duten alderdi ia guztiek adostu zuten akordio bat erreforma hori gauzatzeko, baina Diputatuen Kongresura eraman izan denean ez dute behar besteko adostasunik lortu aldaketa gauzatzeko.
Azken erreforma saioaren porrota
2023ko martxoan Espainiako Gobernuak egin zuen erreformarako saioa. PSOEk, Unidas Podemosek eta EAJk aurkeztu zuten, baina ez zen atera aurrera, Diputatuen Kongresuko Barne Gaietarako Batzordean EH Bilduk eta ERCk ez zutelako nahikotzat hartu erreforma.
EH Bilduk azaldu zuenenez, “arau honek desobedientziagatik eta autoritateari errespetu falta erakusteagatik isunak jasotzen ditu, gomazko balen edota piloten erabilera baimentzen du eta migratzaileak kanporatzea aurreikusten du. Ezin dugu hori onartu". ERC ere gogor mintzatu zen egin nahi zen “erreforma bigunaren” aurrean: "Erreforma honek Poliziaren segurtasuna bermatzen du, herritarrena bermatu beharrean, Poliziari gizarte osoaren eskubideak inolako zigorrik jaso gabe zapaltzen jarraitzeko aukera ematen diolako".