argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legearen bitartez ezarritako lehen zigorra baliogabetu du Bilboko Epaitegiak
  • Bilboko Administrazioaren Auzietarako 2. epaitegiak bertan behera utzi du Eusko Jaurlairtzako Segurtasun Sailak Mozal Legearen bitartez jarritako lehen isuna.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 03a
Mozal Legearen aurkako manifestazio bat, Bilbon (Arg.: Eitb)

Otsailaren 16an epaiketa egin zen Bilbon, Mozal Legearen bitartez Bizkaian jarritako lehenengo isunarengatik. Hain zuzen ere Mozal Legearen aurkako protesta batengatik jarri zuen isuna Segurtasun Sailak, 2015eko uztailaren 1ean, Espainiako Gobernuak legea indarrean jarri zuen egunean.

Epaia oinarritu da Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren eta Konstituzio Auzitegiaren erabakietan. Hauen arabera, “biltzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat da eta ezin da zigortu”. Ezingo da sententziaren aurkako helegiterik aurkeztu.

Bizkaiko hainbat kolektibok Segurtasun Sailari eskatu diote Mozal Legearen bitartez ireki dituen zigorrak baliogabetu ditzala. 2016. urtean 1.478 zigor txosten ireki zituzten Euskal Herrian. Isunen zerrendaren buruan Donostia dago (189 isun) eta bigarren tokian Bilbo (160). Diru kopuruak 300 eta 1.500 euro artekoak dira.