Datorren uztailaren 1ean bi urte beteko dira Mozal Legea indarrean sartu zenetik. Bi urte oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aurka eta, zer esanik ez, azken urteotan herri mugimenduok garatu ditugun mobilizazio moduen aurka legea estutu zutenetik. Eta bi urte eta gero zer?
11.000 isun baino gehiago jaso ditugu Hego Euskal Herrian. 11.000 isun baino gehiago Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren eskutik. Eta hori gutxi balitz, ezin dugu ahaztu 2016ko Apirilean Nafarroako Legebiltzarrak Mozal Legea arbuiatu zuela eta berdin egin zuela Gasteizkoak ere 2016ko Ekainean. Hala ere, salbuespen lege hau aplikatzen jarraitu dute, gure eskubide zibil eta politikoak zapaltzen jarraitu dute.
Baina nondik dator lege hau? Eskubide Zibil eta Politikoen urraketa ez da atzoko kontua. Ia estatu guztietako gobernuek izan dute disidentziak isilarazteko joera, batez ere herritarrek antolatzeko, adierazteko edo mobilizatzeko eskubideak praktikan jartzen dituztenean. Urraketa hauen helburua argia da, indarrean dagoen jendarte eredua neurri batean edo bestean eraldatu nahi duen jendartea zigortzea, beldurtzea, autozentsuraraztea...
Euskal Herrian hori oso ondo ezagutzen dugu, hamarkadak daramatzagu Eskubide Zibil eta Politikoen urraketa egiturazkoa bizitzen. “Demokrazian” frankismotik eratorritako salbuespen arkitekturaren zutabe oso garrantzitsuek zutik iraun zuten. 90.hamarkadaren ondarrean eta bereziki 2001etik aurrera, eraikina zaharberritu eta zutabe berriak eraiki zituzten, hala nola, alderdien legea, mugimendu herritarrak legez kanporatzea, komunikabideen itxierak, mobilizazioen debekua edota iritzi delituen biderkatzea.
Horiek guztiek, salbuespen neurriak izanik, ez zuten batere zentzurik, are gutxiago egungo testuinguruan salbuespen arkitekturari zutabeak gehitzen jarraitzeak. Izan ere, 5 urte igaro dira ETAren jardun armatua euskal eszenatokitik desagertu zela. Askoren harridurarako ordea, horri erantzun beharra argudiatuta mantendu edo sortu ziren salbuespen neurriak ez dira indargabetuak izan. Are gehiago, urteotan disidentzia zahar eta berrien aurkako neurri berriak garatu ditu Espainiar Estatuak. Entzutetsuenak Mozal Legea eta Zigor Kodearen erreforma.
Eleak/Libretik datuok jasota, Nafarroako parlamentura eta Gasteizkora jo genuen. Gasteizko Legebiltzarraren erantzunaren zain bagaude ere, Nafarroako Legebiltzarrean izan ginen Ekainaren 6an. Horren emaitza indar politikoen gehiengoa Mozal Legea indargabetzearen alde agertzea izan zen. Gauzak horrela, batetik, Mozal Legearen aurkako jarrera publikoa berrestea adostu zuten; bestetik, oinarrizko eskubideak urratzen dituen lege honen aplikazioa berriz ematekotan, salaketa publikoa egin eta zigortuari babesa adierazteko konpromisoa hartu zuen. Azkenik, Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa eta horretarako bideak jorratzeko konpromisoa hartzea onartu zuten.
Berri pozgarria azken hau, baina lege honek indarrean jarraitzen duen bitartean, eta lehendik ere indarrean dauden salbuespen legediek jarraitzen duten bitartean erantzun bat ematea beharrezkoa dela uste dugu.
Bere egunean, Eskubide Zibil eta Politikoen aldeko borrokatzeko, Erraminta Kutxa aurkeztu genuen. Horren emaitza ikusgarrienak izan ziren Euskal Herrian antolatutako Aske Gune eta Herri Harresiak. Gero, Errepresioaren Aurkako Gida Liburua kaleratu genuen beste eragileekin batera, gure eskubideen bortxaketaren aurrean nola jokatu behar genuen azaltzeko. Eta, orain, Mozal Legearen aurrean desobedientzia bideratzeko Protokoloa kaleratu dugu. Beste hitzetan esanda, Eskubide Zibil eta Politikoen defentsa mikro-desobedientziaren eta ekintza zuzenaren bidetik jorratzen hasi gara.
Bide horretan, deialdi garrantzitsua dugu datorren Uztailaren 1ean Donostian eta Gasteizen, guztion artean Mozal Legearen indargabetzea eskatzeko. Baina hori ez da lan bakarra izango, salbuespen legeen aurka eta gure Eskubide Zibil eta Politikoen alde mobilizatzen jarraitu behar dugu, lege injustuen aurrean desobedientzia zibila erreala bihurtu arte. Ekin diezaiogun lanari!
Mozal Legeari ez!!!
Maialen Begiristain, Joseba Alvarez, Joxe Aldasoro eta Ione San Ildefonso Eleak-Libre Mugimenduko kideak dira.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbidera