argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legearen aurkako agerraldiak egingo dituzte asteazkenean Legebiltzarrean
  • Mozal Legearen inguruan Eusko Legebiltzarrari konpromisoak hartzea eskatzeko agerraldiak egingo dituzte asteazkenean Eleak/Libre mugimenduak, Hala Bedik eta Kaleratzeak Stop plataformak.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 24a
Mozal Legearen aurkako protestak (Arg: EITB)

Legebiltzarrean bertan izango dira agerraldiak eta plataforma bakoitzak bere egoera azaltzeko tartea hartuko du, 13:30etatik 15:30etara. Legea aplikatzeari uzteko eta 2016an hartutako konpromisoa bete dezan eskatuko diote Legebiltzarrari.

Eleak/Libre mugimendua

Mozal Legearen irakurketa orokorra egiteaz arduratuko da, 13:30ean hasita. 2015eko uztailean legea indarrean sartu zenetik izan diren ondorioen balantzea egingo du, eta Eusko Jaurlaritzak Mozal legea nola erabili duen eta horrek sskubide zibil eta politikoekiko izan duen eragina aztertuko du.

Hala Bedi

Hala Bedi irratiko ordezkariek 14:30ean hartuko dute hitza. 2017ko maiatzaren 18an Gasteizko Errekaleor auzoko argia mozteko operazioan, zuzenean informatzen ari zen irratiko kazetari bati 602 euroko isuna jarri zion Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzaren Poliziak kazetari baten aurka Mozal Legea aplikatu zuen lehenengo aldia izan zen.

Kaleratzeak Stop

15:30ean hitz egingo dute. 2016ko irailaren 15ean etxegabetze bat eragozteko etxe atarian bildu ziren hainbat lagun. Urtebete beranduago, protesta horretan parte hartu zuten Arabako Kaleratzeak Stop taldeko sei kideri 602 euroko isun bana ezarri zieten, “poliziaren lana oztopatzea” egotzita.