argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legearekin zigortu dituztela eta desobeditu egingo dutela jakinarazi dute 34 gaztek
  • Mozal Legea desobedituko dutela adierazi dute Gasteizko Legebiltzarrera kateatu ziren eta isunak jaso dituzten Ernaiko 34 gazteek. Euskal preso politiko eta iheslarien etxeratzea eskatzeko eraikinera kateatzeagatik 602 euroko isuna jarri diote bakoitzari, guztira 21.000. Prentsaurrekoan isunak hautsi dituzte.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2016ko abuztuaren 02a
Preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko kateatu ziren 400 gazte Hego Euskal Herriko hiriburuetan (Argazkia: Ernai)

Abenduaren 30ean 400 gazte baino gehiago, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan kateatu egin ziren. Isunen eta hartzen duten jarreraren berri jakinarazteko emandako prentsaurrekoan adierazi dute “preso eta iheslari bat ziegan edo erbestean dagoen bitartean borrokan jarraituko” dutela.

Ekimen beraren baitan, Iruñean Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzan kateatu ziren 37 lagunei ere 22.000 euroko isuna jarri zieten, eta hauek ere, desobeditu egingo zutela jakinarazi zuten.

Nafarroan kateatu zirenei bezalaxe, Mozal legea aplikatu diete. Horren aurrean, lege hau desobeditzeko hautua egin dute. “Mozal legeak, kaleko protestak isilarazi eta jendea ekonomikoki itotzea du helburu, gure oinarrizko eskubideak urratu eta egoera honek bereziki gazteria kolpatzen duelarik. Lege injustuen aurrean desobedientzia jarrerak bultzatzeko deia luzatzen diogu euskal jendarteari”. Horregatik, isunak ez dituztela ordainduko jakinarazi dute.

Azkenik, Mozal Legea 2015eko uztailaren 1ean indarrean sartu zenetik, Ertzaintzak 3.959 aldiz aplikatu duela salatu dute, horietatik 1.600 Araban. Gogoratu dute Eusko Jaurlaritzak ekainaren 22an lege hori ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuela.

Bideo erreportajea egin du Topatuk.