EH Bilduk Pedro Sánchezen Gobernuarekin adostu du Mozal Legearekin amaitzea. Horretarako, funtsezko lau puntu aldatuko dituzte: gomazko piloten erabilera, errespetu faltak, desobedientzia, eta mugan egindako kanporaketen ingurukoak. Aurreko legegintzaldian Espainiako Parlamentuko talde politikoek desberdinek landutako txostenean gehituko dituzte aldaketa hauek, eta testu hori, laster onartu nahi duten segurtasunerako lege berri baten oinarri izango da.
EH Bilduk akordioa egin du Espainiako Gobernua osatzen duten PSOE eta Sumarrekin, Mozal Legea indargabetu eta Herritarren Segurtasunerako Lege berri bat onartzeko. Mertxe Aizpurua eta Jon Iñarritu EH Bilduko parlamentariek prentsaurrekoan eman dute horren berri.
Zehazki, lau puntu dira adostu dituztenak. Errespetu faltei dagokienez –gehien ezarri diren isunak dira– hemendik aurrera salaketak "arrazoi objektiboekin" ezarri beharko dira, "subjektibotasunarekin" amaituta, diotenez. Desobedientziagatiko isunak jartzeko baldintzak ere aldatzen dira eta, gainera, arau hauste larri izatetik arin izatera igaroko dira.
Gomazko pilotarik ez
Bestetik, gomazko piloten erabilera ordezkatuko da eta "hain kaltegarriak ez diren materialak" erabiliko dira: "Euskal gizartearen aldarrikapen nagusietako bat zen hau", azaldu du Aizpuruak. Azkenik, mugan egindako kanporaketekin ere amaituko da eta sei hilabeteren buruan Atzerritarren Legea aldatuko da horretarako.
Aizpuruak azaldu duenez, puntu horiek joan den legegintzaldiko ponentzian landutako txostenari gehituko zaizkie, Mozal Legea indargabetuko duen beste lege bat onartzeko. Datozen orduetan aurkeztuko dute testu berria, eta horretarako, lege aldaketa bultzatu duten talde politiko guztien esku utzi dute jadanik.
"Lorpen hau kolektiboa da eta horrela aldarrikatzen dugu", azaldu dute EH Bilduko kideek. "Lan diskretu eta zorrotz baten ostean posible izan da", azaldu du Jon Iñarrituk eta eskerrak eman dizkiete legea aldatzeko borrokan aritu diren talde eta elkarte guztiei.
"Lorpen hau kolektiboa da eta horrela aldarrikatzen dugu", azaldu dute EH Bilduko kideek. "Lan diskretu eta zorrotz baten ostean posible izan da", azaldu du Jon Iñarrituk eta eskerrak eman dizkiete legea aldatzeko borrokan aritu diren talde eta elkarte guztiei
Lege polemikoa 2015etik
Herritarren Segurtasunerako Legea 2015ean jarri zen martxan, Alderdi Popularrak Espainiako Parlamentuan gehiengo absolutua zuenean. Geroztik ehunka milaka lagunek isuna jaso dute haren bidez Espainiako Estatuan, baita Hego Euskal Herrian ere, Espainiako Polizia, Guardia zibila, Foruzaingoa eta Ertzaintzaren eskutik, besteak beste.
Legeak kontrako jarrera eta mobilizazio ugari sortu ditu, askatasunak murriztu eta elkarte zein kolektiboen jarduera eta aldarrikapenak isun ekonomikoekin itotzen dituelako, herritar ororen gaineko kontrola ezarrita.
Legeak kontrako jarrera eta mobilizazio ugari sortu ditu, askatasunak murriztu eta elkarte zein kolektiboen jarduera eta aldarrikapenak isun ekonomikoekin itotzen dituelako, herritar ororen gaineko kontrola ezarrita
2016an Eusko Legebiltzarrak adierazpena onartu zuen legea ez aplikatzeko, EAJk, EH bilduk eta PSEk alde bozkatu ondoren. Baina hala ere Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jarraitu du salaketak jartzen, Ernaiko 133 kideri jarritakoa da horren adibide garbi bat.
Nafarroako Legebiltzarrak, berriz, berrikitan eskatu du Mozal Legea erreformatzea, "oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea" delako. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-zurekin alderdien botoak izan ditu adierazpenak.
Aurreko saiakerak huts
Pedro Sánchez agintera iritsi zenetik Espainiako Gobernuak mahai gainean izan du legearen alderdirik eztabaidagarrienak indargabetzeko erabakia. 2023an legea aldatzeko pausoak eman zituen, baina ez praktikan indargabetzeko nahikoak, eta horregatik ez zuen EH Bilduren eta ERCren babesik izan, aldaketak azalekoak zirela iritzita.