argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legea urratzearren Espainiako Gobernuak Ahotsa.info “mehatxatu” du
  • Mozal Legea urratzea egotzita, oharra bidali dio Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak Ahotsa.info agerkariari. Sanferminetan publikaturiko albiste batean agenteen irudiak agertzen zirelako salatu du Espainiako Poliziak. Hilabete honetan Carmen Albak ordezkariak hedabideari abisua bidali dio, gogoraraziz zer zigor dakartzan Poliziaren irudi edo datuak "baimenik gabe" erabiltzeak.  

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 17a
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak Ahotsa-ri bidalitako oharra.

Poliziak uztailaren 11an Iruñeko Ezpala tabernan eginiko sarekada baten berri eman zuen Ahotsaren albisteak. Bada, “baimenik gabe agenteen irudiak hartzea” egotzita, Poliziak komunikabidearen aurka salaketa ipini zuen, gaineratuz irudien bidez “agenteak identifikatu daitezkeela”.

Salaketa jaso ondotik, Carmen Alba Gobernuko ordezkariak gutun bidez ohartarazi die beste behin horrelakorik egin ezkero arau-hauste larria egiten arituko liratekeela. Izan ere, Mozal Lege bezala ezaguna den Herritarren Segurtasun Legeak gogorki zigortzen du Segurtasun Indarren irudi edo datu pertsonalak "baimenik gabe"  hedatzea, “irudi edo datu horiek publikatzeak agenteak, euren senitartekoak edota operazioren bat arriskuan jar ditzakeen heinean”. Isunak 601 eta 30.000 euro artekoak izan daitezke.

“Mehatxuak”, kezka iturri

Albaren “mehatxuak” kazetarien artean kezka piztu duela adierazi du Ahotsak ohar bidez. “Isun larriekin mehatxatu gaituzte zehazki zer den ez dakigun zerbaitengatik”. Horrelako neurriek informazio eskubidearen aurka egiten dutela nabarmendu du, polizia gehiegikeriak nola kontrola daitezkeen itauntzearekin batera.

Gainera, azpimarratu du “mehatxua herri mugimendura ere” zabaltzen dela. “Desjabetze bat gelditzeagatik isuna jar diezagukete? Eta Herri Harresi batean parte hartzeagatik?”.

Mozal Legeari buruzko mahai-ingurua ostegunean

“Egoera argitzeko asmoz”, mahai-ingurua atondu dute azaroaren 19rako. Mozal Legeak herri mugimenduan eta hedabideetan izan dezakeen eraginaz arituko dira. Paz Frances NUPeko zigor zuzenbideko irakasleak, Zigor Olabarria Eleak-eko kideak eta Axier Lopez Argia-ko kazetariak hartuko dute hitza.