argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legea nahieran erabiltzen ari da Gobernua desobedientziagatik isun handiak jartzeko
  • PSOE Mozal Legea gogor kritikatzetik berau indar osoz aplikatzera pasatu da koronabirus garaian konfinamendua betearazteko, berez oso lausoa den legearen interpretazio are lausoago bat eginez: izan ere, Gobernuaren erabakiak ez betetzea "autoritateari desobeditzea" dela interpretatzen ari dira, eta hortik datoz gutxieneko 601 eurotik gorako isunak. Ba al zenekien poliziak isuna proposatu egiten duela baina erabaki Gobernu delegaritzek egiten dutela?

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 20a

Eldiario hedabideak jaso ditu eztabaida honetan dauden iritzi ezberdinak.

Alarma egoera hilabete betetzear zegoela, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak gida moduko bat igorri zuen autonomia erkidegoetara, Herritarren Segurtasunerako Legearen (Mozal Legea izenez ezaguna) 36.6 artikulua aplikatzeko irizpideak bateratzeko. Artikulu honek zehazten du nola zigortu "autoritatea edo bere agenteak desobeditzea". Agindu horretan, Marlaskak eskatzen die poliziei "denuntziatuaren jarrera" deskribatzeko: menpekoa bada ez da adierazi beharko, baina "gutxiespenezkoa, edukazio txarrekoa" edo iraingarria bada, aktan idatzi beharko du poliziak.

Irizpideak aurrez jaso behar ditu legeak ezin dira orientabideen bidez arautu

Eldiario hedabideak jaso ditu Madrilgo Carlos III unibertsitatean Zuzenbide Penaleko irakasle den Jacobo Dopicoren hitz hauek: (Zigorra ezartzeko) "Irizpideak legeak jaso behar ditu, ekintzak burutu baino lehen. Ezin dira arautu ministerioak emandako orientabideen bidez. Justu lege honek berrikuntzetarako tarte txikia uzten du: arau-hauste bakoitzean ezarri daiteke legea gradu txikienean, ertainean edo handienean, eta graduz aldatzeko irizpideak dagoeneko ezarrita daude. Irizpide hauetako batek ere ez du zerikusirik subjektuaren jarrerarekin".

Isunak Gobernuaren delegaritzek ebazten dituzte

Eldiario hedabideak emandako informazioaren arabera, poliziek proposamen bat idazten dute aktetan, baina ondoren Gobernuaren delegaritzek ezartzen dituzte irizpideak eta zehazten dute isunaren zenbatekoak. Eta Gobernuko delegaritzak poliziek igorritako isun proposamenez gainezka daude.

Estatuko Abokatutzak bi txosten aurkeztu ditu Mozal Legearen interpretazio hau dudan jarriz

Estatuko Abokatutzak bi txosten aurkeztuak ditu, lege honi buruz egiten ari diren aplikazioari buruzko dudak planteatuz. Consuelo Castro Rey abokatu nagusiak egin zuen lehen txostena apirilaren 2an, eta hauxe dio bertan: desobedientziagatik isuna jartzeak eskatzen duela ezinbestean autoritateko agenteak herritarrari eskaera zehatz eta indibidualizatu bat egitea eta hau jaso duen herritarrak honi ez erantzutea.

Desobedientziari buruzko azalpen hau ez dator bat Barne ministerioa aplikatzen ari denarekin. Mozal Legeak desobedientzia aipatzen du 36.6 artikuluan, "autoritate edo agenteak" aipatuz. Barne ministerioak "autoritate" hitz horri heldu dio, zuzenean zigortzeko, esaterako, kalean doan norbait, nahiz eta honek poliziaren baten agindu zehatz bati ez desobeditu. Barne ministerioak dio Errege Dekretua atera duen Gobernua bera badela Mozal Legeak aipatzen duen "autoritate" hori eta agindu dituen arauak behar beste jakinarazi zaizkiela herritarrei, eta horregatik, horiek ez betetzea badela desobedientzia ekintza arin bat.

Barne ministerioak bigarren txosten bat egiteko eskatu zion Estatuko Abokatutzari, lehen txostenak esandako puntuak argitu zitzan. Bigarren txostena apirilaren 6an iritsi zen, eta bertan Consuelo Castrok berresten du lehen txostenean esandakoa eta Barne sailari aholku hau ematen dio: "Agenteei dagokie beren salaketa eta atestatuetan ahalik zehaztasun eta xehetasun gehienekin dokumentatzea salatzen dituzten ekintza horiek". Aholku horri erantzunez bidali zituen Barne sailak isunak jartzeko orientabideak.

Grande-Marlaska: Mozal Legea kritikatu eta hilabetera dudazko erabilera orokortu

PPk atera zuen Mozal Legea orain indar handiz erabiltzen ari da PSOE, baina honen aurka agertu izan da alarma egoera ezarri zuen arte. Barne ministro Grande-Marlaskak berak hilabete lehenago esan zuen "hutsegindako legea dela eta Gobernuak lehentasun moduan duela berau derogatzea, eta Herritarren Segurtasunerako lege batekin ordezkatzea".

Ia alderdi guztiek, PSOEk barne, aspalditik errekurtsoak jarriak dizkiote Mozal Legeari eta Auzitegi Konstituzionalak hauei buruzko ebazpenak eman behar ditu oraindik, bere garaian PPk ezarritako legeaz.