argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legea “indargabetzeko” PSOErekin akordioa iragarri du Díazek, eta artikulu baten erreformara mugatu dute Sumarrek zein PSOEk
  • Astearte goizean iragarri du Díazek Mozal Legearen “indargabetzea”, baina eguerdian Pilar Alegría Espainiako Gobernuko bozeramaileak eta Enrique Santiago Sumarreko bozeramaile laguntzaileak adierazi dute 36. artikuluko arau-hauste batzuetara mugatuko dela erreforma. Pablo Iglesiasek eta Podemosek ere hitzeman zuten Mozal Legea indargabetuko zutela gobernura heldutakoan, baina ez zuten gauzatu. 2015etik tira-biran ari dira.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko uztailaren 16a

Europara egindako bidaia batean, komunikabideen aurrean iragarri du Díazek "akordioa itxi" dutela gobernuko bi alderdiek, PSOEk eta Sumarrek, Mozal Legea indargabetzeko. Gainera, esan du Sánchez presidenteak bihar emango dituela akordioaren xehetasunak, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Horrez gain, kode deontologikoak urratzen dituzten kazetari eta komunikabideek jasotzen duten publizitate instituzionalari loturiko neurriak ere iragarriko omen ditu Sánchezek, Díazen arabera.

Espainiako gobernuburu eta haren emaztearen aurkako auzi judizial eta mediatikoen harira hartutako "bost eguneko hausnarketa" epearen ostean iragarri zuen Sánchezek "biziberritze demokratikorako neurriak" hartuko zituela epe motzean. "Demokraziaren Aldeko Plana" izango dela diote zenbait komunikabide espainiarrek. "Neurri sorta orokorra" izatea espero du Díazek.

Indargabetu behar zena, erreformara

Eguerdian bertan ukatu dituzte Díazen esanak Sumarretik zein Espainiako Gobernuko PSOEren aldetik. Gobernuaren bozeramaile Pilar Alegriak adierazi du “bakar-bakarrik” irainei lotutako delituei eragingo liokeela adostutakoa, eta indarrean jarriko dela “talde parlamentariak entzun eta eztabaidatu ostean”. María Jesús Montero presidenteordeak, bere aldetik, adierazi du gobernua talde parlamentariekin negoziatzen ari dela, “ezinbesteko jotzen diren materiak”.

Espainiako Kongresuan bertan emandako prentsaurrekoan, Sumarreko bozeramaile laguntzaile eta IUko diputatu Enrique Santiagok adierazi du Mozal Legearen artikulu bakarra erreformatzea adostu dutela PSOEk eta Sumarrek: 36. artikulua, arau hauste “larriak” jasotzen dituena, eta horren barnean, irainei loturikoak.

Kazetariak eta adierazpen askatasuna

"Guretzat beti izan da oso garrantzitsua kazetarien aurkako edozein zigor edo isun saihestea polizia operazio edo manifestazioren batean informatzen ari direnean", azaldu du Santiagok Mozal Legea erreformatzeko Sumarrek eta PSOEk adostutakoaren zentzuaz.

Bi alderdiek Zigor Kodearen artikulu batzuen erreforma ere adostu dutela iragarri du, adierazpen askatasunaren aldeko neurriak liratekeenak, kazetariak ez ezik “artistak” ere aipatuta. Koroaren aurkako irainak, estatuko goi instituzioen aurkakoak eta sentimendu erlijiosoen aurkakoak aipatu ditu zehazki. Santiagok azaldu du akordio horiek “hasierako urratsa” direla, baina aurrera begira helburua dela gainontzeko talde parlamentarioekin lan egitea Mozal Legearen “derogazio sakona” lortzeko.

2015etik, deman

Lehendik ere Herritarren Segurtasunerako Legea, Mozal Legea gisa ezaguna, indarrean bazen ere, 2015ean are gehiago gogortu ziren hainbat delitu eta arau. Mariano Rajoy presidente zuen PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legearen erreforma gogorra.

Ezkerreko indar politikoen eskakizun historikoa izan da legea derogatzea. Podemosen buru zen Pablo Iglesias berak hitzeman zuen legea indargabetu egingo zuela gobernura heltzen zenean, eta ez zuen egiterik izan. Podemosek, orduan, PSOErekin akordioa sinatu zuen Mozal Legea kentzeko, eta, urtetan, gainerako alderdiekin negoziaketa betean aritu ziren 2023ko martxora arte. Lege berriaren onarpenerako data ezarrita ere bazegoen, baina Mozal Lege berria ez zen onartu, Espainiako Gobernuak ez zuen hitza bete, eta ERCri eta EH Bilduri egotzi zitzaien erantzukizuna, "arduragabekeriaz jokatzea" argudiatuta, mahai gainean zegoen proposamena ez onartzeagatik.

Hainbat arau aldatzea eta beste batzuk bere horretan segitzea aurreikusten zuen PSOEk, Podemosek eta EAJk babesten zuten lege berriak. Araurik gatazkatsuenak mantentzen zituen proposamen horrek: gomazko pilotak ez zituen debekatzen, migratzaileen itzulketa azkarrak baimentzen zituen, eta desobedientzia eta autoritateari errespetu falta zigortzen zituen.