Hala Bedi, Eleak/Libre eta Kaleratzeak Stop Araba Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean izan dira apirilaren 25ean. Alderdi politiko guztietako ordezkarien aurrean, Mozal Legea indargabetzeko exijitu dute beste behin, baita Mikel Saenz de Buruaga kazetariari ezarritako isuna bertan behera uzteko ere.
Batzordean, herritarrek informazioa jasotzeko duten eskubidea aldarrikatu du Hala Bedik, eta irrati horretako kide Mikel Saenz de Buruagari ezarritako isuna kentzeko eskatu: kasua kontatu dute, nola "erasoa jasan zuena erasotzaile moduan aurkeztua" izan den, eta nola, isuna ezabatzen ez bada, auzitara eramango duten Eusko Jaurlaritza. "Demokrazietan, hedabideak bermea dira. Diktaduretan, salaketa tresna dira. Baina beti daude pertsonen zerbitzura. Polizia, demokrazian edo diktaduran, beti dago Gobernuaren zerbitzura. Zuen esku dago zein motatako Gobernua bultzatu nahi duzuen", adierazi dute batzordean Hala Bedikoek, eurek argitaratu dutenez.
Eleak/Libre mugimenduak adierazteko, biltzeko eta manifestatzeko eskubideetan jarri du indarra. "Demokrazia bera dago jokoan", gaineratu dute. Mugimenduarentzat, "bereziki kezkagarria da nola ari diren urratzen herritarren Eskubide Zibil eta Politikoak".
Hiru eskaera
Hiru eskaera nagusi egin dizkiote Legebiltzarrari: Mozal Legearen kontra dagoela publikoki berretsi dezala; legea berriz aplikatzen bada Legebiltzarrak publikoki salatu dezala, legea aplikatu dioten pertsonari babesa eskainiz; eta Legebiltzarrak berriz ere eska dezala Mozal Legea ez dadila aplikatu eta berehala indargabetu dadila.