Mozal Legea indargabetzeko onetsi den bigarren mozioa da PSOEk azaroaren 29an agertu duena. Legez besteko mozioa ontzat emateak, ez du lege aldetik ondorio zuzenik izango. 2016ko apirilean ere hura atzera botatzeko proposamena aurkeztu zuen ERCk. Alderdi horren bozeramaile Gabriel Rufianen esanetan, Segurtasun Indarrei “esku hartzeko eta erabakiak hartzeko botere handiegia” ematen dielako, “berme judiziala baztertuz”.
Proposamen hori onartu egin zuten Espainiako Kongresuan. Hala ere, indarrean jarraitzen du legeak, eta ontzat eman dute berriz ere hura ezeztatzeko mozioa.
PSOEko Antonio Trevinen ustez, oinarrizko eskubideak garatzea “oztopatzen” du Mozal Legeak. Ezartzen diren zigorretan proportzionaltasuna mantendu behar dela azaldu du, eta oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzen dituen arautegi berri baten alde agertu da.
Mozioaren alde bozkatu dute Elkarrekin Ahal Dugu, EAJ, EH Bildu, ERC, PSOE eta PDC alderdiek. Abstenitu egin da Ciudadanos, eta kontra azaldu dira Foro Asturias eta PP.
Azken horrek Mozal Legea “terrorismo mehatxua”-ri aurre egiteko “beharrezkoa” dela adierazi du, eta “Espainiako Estatuan herritar guztien eskubide eta askatasunak bermatuta daudela dagoeneko”.
Informazio Askatasunaren Defentsarako Plataformaren ustez (PDLI gaztelaniazko sigletan), mozioa "itxurakeria hutsa" da, ez baitu Mozal Legea indargabetzea bermatzen. Espainiako Kongresuko taldeek hura deuseztatzeko Lege Proposamen bat sinatzen ez duten arte, Mozal Legeak indarrean jarraituko duela azaldu du kazetarien elkarteak.
Mozal Legea aplikatu zaien hainbat kazetariri jarritako isunak bertan behera uzteko eskatu du, Axier Lopez ARGIAko kazetariarena kasu.