argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legea ezarri diote LAB sindikatuari, lan heriotzak salatzeko ekintza batengatik
  •   300 euroko isuna jarri dio Espainiako Gobernuak, 2018ko apirilaren 27an Nafarroako Lan Ikuskaritza sinbolikoki okupatzeagatik.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 14a
(Argazkia: LAB)

LAB sindikatuak Twitter bidez azaldu duenez, okupazio sinboliko horren bidez aurreko urtean Nafarroan izandako 12 lan heriotzak salatu nahi izan zituzten, horretarako jantzi eta maskara gorriz sartu ziren ikuskaritzaren bulegora.

Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak emandako zigor ebazpenak dio, “herritarren segurtasuna larriki asaldatu” zutela ekintza horrekin, eta eraikina “kolapsatu” zutela.

Igandean bulegoa irekita?

Aitzitik, sindikatuak ebazpenaren hainbat akats nabarmendu ditu: jantzien kolorea, data… Ekintza apirilaren 29an izan zela diote poliziek, baina egun hori igandea zen eta bulegoa itxita zegoen.

Horrez gain, argazkien bidez erakutsi dute ez zutela inor oztopatu eta LABek garbi utzi nahi izan du aurrez pentsaturik bezala 12 minutu igarotzean joan zirela denak, inongo agindurik jaso gabe. Izan ere, Poliziak pertsona bat egin du arduradun.

“Sudur puntan jartzen zaiena erraten dute poliziek”, esan du sindikatuak amaieran.