argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik Ertzaintzak identifikatu zuen pertsona Mozal Legeaz zigortu dute... gaztelania hutsez
ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 28a
Ertzaina euskaraz hitz egiteko eskatu dion herritarrari identifikatzeko eskatzen.

"Ekimenaren antolatzaileak identifikatzen ari zirela eta ni agenteen eta antolatzaileen artean jarri nintzela diote, beren jarduna oztopatzen", adierazi dio Eneka Alvarez zigortuak ARGIAri. Gezurra dela dio, bideoan ere ikusten baita nola beste kide batek poliziari adierazten dion dagoeneko identifikatuta dauzkatela arduradunak.

Bizitza Da Handiena borroka sozialen astean gertatu zen ekimena. Eragile sozialek egindako ekintzen artean, Ernaik turistifikazioaren kontrako prentsaurreko bat egin zuten irekitzear zen hotel baten parean. Ekimena amaitzean, Ertzaintzako patruila bat gerturatu zen, eta lehenik eta behin prentsaurrekoan hitz egin zutenak identifikatzera. Berehala sortu zen hika-mika, eta agenteak inguruan ziren herritar eta kazetariak identifikatzeari ekin zioten.

Bertan zen isuna jaso duen gazte antolakundeko kidea. Honek euskaraz mintzatzeko eskatu zien ertzainei, eta agenteek identifikatzeko eskatu zioten, gazteleraz. ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzek bideo batean jaso zuen momentua:

Jazoera tarteko, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salaketa jarri zuen, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak formalki erantzun zion. Bideoan ageri ziren herritarren eskubideak errespetatu ez zirela onartu, eta agenteek barkamena eskatu zutela adierazi zuen Ertzaintzako burutzak.

Ertzaintzak gutun formala bidali zuen handik hilabete batzuetara Hizkuntz Eskubideen Behatokira, adieraziz, barkamena eskatzen zutela herritarren hizkuntza eskubideak ez betetzeagatik: “Donostiako Ertzain-etxeko burutzak berariaz zehaztu du ez zela errespetatu aipatu bideoan agertzen diren herritarren eskubideak, agente jarduleekin harremanak euskaraz izatekoa, nahiz eta gertatutakoa tentsiodun polizia-jarduera batean gertatu zen eta azkenean agenteetako bat euskaraz mintzatu zitzaion”.

Ondoren, Ertzain-etxeko burutzak adierazi zuen agenteek barkamena eskatu zutela: “Jardueran esku hartu zuten ertzainei eta unitateko aginte-koadroari jardunbide egokia zein den jakinarazi zaie, eta berariaz eskatu digute beraien partez barkamena helarazteko”.

Behatokiak adierazi zuen beharrezko norabidean emandako urratsa izan zela, baina herritarrak, aitortzatik harago bere eskubideen bermea merezi duela. Behatokiak zorionak eman zizkien ahaldundutako euskaldunei eta bide horretan jarraitzera gonbidatu zituen.

Barkamenak barkamen, zortzi hilabete ostean Mozal Legearekin jasotako isuna medio, “aurpegira barre” egin dietela adierazi du Donostiako Ernaik.

Behatokia: "Erabat bidegabea da"

ARGIA Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin harremanetan jarri da eta lehen balorazio azkar bat eskaini du Garbiñe Petriatik. "Erabat sinesgaitza egiten zaigu. Hizkuntza eskubideen urraketa jasan duen herritarrari 600 euroko isuna jarriko diote? Bere garaian Ertzaintzak bidali zigun gutunean zioten ez zituztela hizkuntza eskubideak errespetatu eta "jardunbide egokia" eman zietela iskanbila honetan parte hartu zuten ertzainei. Hau al da jardunbide egokia?

Behatokiak adierazi du juridikoki zer egin daitekeen begiratuko dutela isuna bertan behera uzteko. "Hau ezin da horrela geratu".

Sare sozialetan Ertzaintzak bidali zuen gutuna sareratu dute.