argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legea ezarri diete Sukar Horiako kideei, iaz egindako desobedientzia zibil ekintzagatik
  • Iazko ekainean ekintza burutu zuten Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren ateetan, Jaurlaritzaren politika ekozidak salatuz eta trantsizio ekologikoa aldarrikaztuz. Ekintzagatik Mozal Lega aplikatu eta 2.000 euroko isuna jarri diete.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko uztailaren 14a
Kateatutako bi kideetako bat (Argazkia: Amaia Lekunberri)

Sukar Horia kolektibo ekologistak igandean jakinarazi zuen, sare sozialen bidez, Mozal Legea aplikatu eta 2.000 euroko isunarekin zigortu dituztela iaz egindako desobedientzia zibil ekintzagatik.

2020ko ekainaren 24an, kolektiboko bi kide bidoiekin kateatu ziren Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren parean, “Eusko Jaurlaritzaren politika ekozidak salatzeko eta bidezko trantsizio ekologikoa eskatzeko”. “Trantsizio ekologikoa orain!” lelodun kamisetak soinean eta zementuz betetako bidoi banatara katez loturik, kideek Diego Lopez Haroko kale nagusiko errepideko bi errai moztu zituzten. Bi orduz eutsi zioten desobedientzia zibil ekintzari, harik eta suhiltzaileek bidoietara lotutako bi kideak soltatu zituzten arte. Ekintzarekin loturan, bost kide identifikatu zituen Ertzaintzak.

“Urtebete geroago, 2.000 euroko isuna heldu zaigu, Mozal Legea aplikatuz. Multa hauen bidez, gure ahotsa isildu nahi dute, baina ez dute lortuko. Ez dago isilaraziko gaituen mozalik! Aurrera jarraituko dugu, aberats kutsatzaileak salatzen eta trantsizio ekologiko justua eskatzen”, adierazi du kolektiboak.

Errepresioaren berri ematearekin batera, isunari aurre egiteko bono laguntzak atera dituztela jakinarazi dute. Norbaitek horietakoren bat eskuratu nahi izatera, beraiekin harremanetan jartzea besterik ez duela adierazi dute.