argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legea dela-eta Hala Bediri ipinitako isunaren auzia aztertuko du Espainiako Herriaren Defendatzaileak
  • Espainiako Estatuko Herriaren Defendatzaileak aintzat hartu du PDLI (Informatzeko Askatasunaren Aldeko Plataforma) taldeak Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari ezarritako isunagatik aurkeztutako kexa. Erakundeak PDLIri jakinarazi dionez, zigor horren nondik norakoak aztertzeko lanean hasita daude jada.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 29a
Hala Bedi irratiko kideak, isunagatik protestatzeko egindako argazkian.

Saenz de Buruagari 602 euroko isuna jarri zioten, maiatzaren 18an Gasteizko Errekaleor auzoan argindarra mozteko egindako polizia-operazioa grabatzeagatik. Ertzaintzak kazetari baten aurka Mozal Legea erabilitako lehen aldia izan zen. Poliziek Saenz de Buruaga irudiak hartzeko erabiltzen ari zen sakelako telefonoa hondatu zuten; hark, berriz, kazetari modura aurkeztu zuen bere burua, prentsa txartela erakutsiz.

Hala Bedik adierazi du ez duela isuna ordainduko, eta legearen aurrean desobedientziaz jokatuko duela: "Lege injustua den heinean, horretarako zilegitasuna daukagu".

Herriaren Defendatzaileak PDLIri jakinarazi dio honezkero harremanean dela Eusko Jaurlaritzako Barne Sailarekin, gertatutakoari buruzko informazioa eskatzeko. Gogoan izan behar da 2016an Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa hartu zuela Eusko Legebiltzarrak, ARGIAri ezarritako isunaren ondorioz. Alabaina, ordutik Ertzaintzak ehunka aldiz baliatu du lege hori zigorrak jartzeko.