“Zilegi” zen ekitaldi bat oztopatzen saiatzea arau hauste “larritzat” jo dute Nafarroako foruzainek. Mozal Legearen 36.8 artikulua egotzi nahi diote, eta isuna 600 eta 30.000 euro artekoa izan daiteke.
Igandean egin zen Altsasun España Ciudadana plataformaren ekitaldia, eta horren aurkako hainbat ekimen aurrera eraman zituzten Altsasuko Herri Asanbladako eta Altsasu Faxismoaren Kontra plataformako kideek. Ekintzetako bat ultraeskuindarren ekitaldia hasi orduko burutu zen: metro gutxitara dagoen parrokiako kanpaiak jo zituzten, ekitaldiko hizlariak entzuteko arazoak sortuz. Polizia elizara sartu eta lau gazte identifikatu zituzten.
Zilegi den ekitaldi edo manifestazio bat oztopatzea edo oztopatzen ahalegintzea, arau haustea dela dio Herritarren Segurtasunerako Legearen 36.8 artikuluak, gizarteko sektore zabalek Mozal Lege gisa definituak. Foruzainek horretan oinarrituta ezarri diete salaketa. Hala eta guztiz ere, arau hausturaren graduazioa erabakitzeke egongo litzateke: "txikia" (601 eta 10.400 euro artean), "ertaina" (10.401 eta 20.200 euro artean) edo "gorena" (20.201 eta 30.000 euro artekoa).
“Erretoreak eman zien baimena”
Kanpaiak entzun orduko txiokatu zuen Santiago Abascal VOX alderdiko buruak, Altsasuko erretoreari egozten kanpaiak jotzearen errua. Astelehenean bertan egin zuen adierazpen ofiziala Altsasuko Parrokiak. Patxi Izco parrokoaren izenean argitaratu ziren honako hitzak sare sozialetan: “11:00etako mezaren ondoren inork ikusi gabe sartu ziren barrura, eta guk ez dugu babesten egin zutena; ez zuen gurekin zerikusirik”.