Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak seirehuna euroko isunarekin zigortu ditu Ahotsa.info eta Ekinklik-eko bi kazetari grafiko. Guardia Zibilak dago isunaren atzean; kazetariei leporatzen die agenteak identifikatzea errazten duten irudiak publikatu izana.
Apirilaren 9an Aroztegia proiektu urbanistikoa galditzeko protesten jarraipena egiten aritu ziren isunarekin zigortuak izan diren Ahotsa.info eta Ekinklik-eko kazetari grafikoak, eta bertan jasotako irudiak zabaltzearren bakoitzari 600 euro eskatzen dizkiote. Arrazoia: Guardia Zibilak leporatu die agenteen irudiak sare sozialetan zabaldu izana, horien identifikazioa erraztuz. Ahotsa.info-k egindako bideoan zein Ekinklik-en argazki galerian, guardia zibilak maskara jantzita agertzen dira uneoro, baina hala ere beren akusazioari eutsi diote, defendatuz irudiok agenteen identifikazioa ahalbidetzen dutela.
Horrez gain, Ahotsa.info-k jakinarazi duenez, kontu honetan guztian bada beste "bitxikeri" bat ere: kazetari horiek egiten ditu Baztango arranbela.blogspot.com atarian argitaratutako material grafikoaren erantzule.
Irudiekin loturan jasotako isunaz gain, Ahotsa.info-ko kazetariari 100 euroko beste isun bat ere jarri zioten, manifestariekin batera proiektuko lur eremu pribatuan sartzearren.
Isunak %50eko beherapena izango luke goiz ordainduz gero, eta manifestariek 300 euro ordaindu beharko lukete. Hala ere, bi kazetariek aukera hori baztertu eta helegitea jartzea erabaki dute, ulertzen dutelako mozal legea aplikatuz jarritako isunek informatzeko askatasuna urratzen dutela. Beren begikoz, Ahotsa.info eta Ekinklik bidez hedatutako irudiek ez dute publiko egin guardia zibilen identitatea, ezta horien intimitate eskubidearen aurka egin ere.