argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legea aplikatu die Gasteizko Udalak U30eko bi grebalariri
  • Mozal Legea “indargabetzearen alde” dagoela azaldu du Marian Gutiérrez Segurtasun zinegotziak, baina indarrean dagoen bitartean ez aplikatzea “delitua” litzatekeela eta “Zaballako espetxean” amaituko lukeela. Horrez gain, grebarekin lotuta zortzi gasteiztar auzipetzeko eskatu dio Udalak guardia epaitegiari.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko martxoaren 05
Hainbat herritar identifikatu eta kolpatu zituen Gasteizko Udaltzaingoak urtarrilaren 30eko greban. Irudia: ARGIA.

Otsaileko Segurtasunaren eta Udal Administrazioaren ohiko Batzordeak askorako eman zuen Gasteizko Udalean. Puntu nagusietako bat urtarrilaren 30ean Udaltzaingoak izan zuen jarrera bortitza zen. Besteak beste, kazetari baten lana indarrez oztopatu eta herritar bat arrazoirik gabe kolpatu zuen udaltzain batek. Gutiérrezek udaltzainaren jarduera orbangabea izan zela defendatu zuen irmoki, hainbat bideok kontrakoa erakutsi arren.

Udaltzainari zigorrik ez ezartzeaz gain, hainbat herritarren aurkako ekinbideak abiarazi dituela jakinarazi zuen Gutiérrezek, EH Bildu taldearen galderei erantzunez. Gutiérrez PSEko kidea da, EAJ-PSEk gobernatzen dute Gasteizko Udala koalizioan. EH Bilduko Iratxe López de Aberasturik gogorarazi zion PSOEk Mozal Legea gogor kritikatu duela “estatu poliziala berrezartzea” dakarrelako, baita PSEk zein EAJk hura ez aplikatzeko konpromisoa sinatu zutela Gasteizko Legebiltzarrean, PP salbu gainontzeko talde politikoekin batera –2018ko maiatzean Eleak/Libre mugimenduak mozioa aurkeztu zuen Udalean Mozal Legearen aurka, baina EAJk eta PSEk aurka bozkatu zuten–.

Udalak identifikatutako bi pertsonen aurka Mozal Legea abiatu duela iragarri zuen Gutiérrezek, “arau hausteengatik”. Lege horren aurka dagoela baina aplikatu ezean Zaballako kartzelan amaituko lukeela erantzun zion López de Aberasturiri: “Nigatik indargabetuta legoke [Mozal Legea], baina ezin dut ez-ikusiarena egin, nahi duzuna ez bada nik delitu bat burutzea eta Zaballan amaitzea. Horren sinplea da”. Legeak ez ditu behartzen ez polizia ez administrazioa, ordea, bide administratibotik zigorra abiatzera; borondate propioz abiatzen den edo ez den ekimena da.

Gutiérrezek uko egin zion zigortuetako bat udaltzainak jazarri zuen Hala Bediko kazetaria den edo ez erantzuteari, datuak pribatuak direla argudiatuta.

Zortzi herritar epaitegira

Urtarrilaren 30eko grebalarien aurka Udalak bestelako neurri errepresiboak ere hartu dituela jakinarazi zuen Segurtasun zinegotziak. Gasteizko guardia epaitegiari eskatu dio zortzi gasteiztar auzipetzeko, desordena publikoak egotzita.