argia.eus
INPRIMATU
Movimiento Semilla alderdi progresistak irabazi ditu Guatemalako hauteskundeak
  • Bernardo Arévalo de Leónen alderdiak botoen %58 lortu du, eta Sandra Torres eskuindarra gainditu du. Jazarpen politikoaren gainetik lortu dute irabaztea progresistek.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 21
Arévalo, hauteskundeen egunean. Argazkia: Movimiento Semilla.

Hauteskundeen bigarren bueltan Movimiento Semilla alderdiak Unidad Nacional de la Esperanza (UNE) alderdia gainditzea lortu du, ustelkeriaren aurkako eta sistemarekiko kritikoa den diskurtso batekin. Lau milioi guatemalarrek eman dute botoa hauteskundeetan, erroldatutako %45, eta askok “demokraziaren erreferendum” gisa ikusi dute, herrialdeak azken urteetan hartu duen "norabide autoritarioa" gelditzeko.

Arévaloren alderdiak ustelkeriaren aurkako borroka jarri du kanpainaren erdian, instituzio publikoen demokratizazioa aldarrikatu du. Aldaketaren itxaropena ekarri dio herritar askori. Hortaz, konforme ez daudenen babesa kapitalizatzea lortu dute.

Sandra Torresek hirugarren aldiz herrialdearen presidentzia bilatzen zuen. Hautagai kontserbadorea da, militarren, buru ebanjelikoen eta eskuin sektoreen babesa duena. Azkeneko urteetan, alderdi horrek izan duen atzeraldi autoritarioa salatu du askok. Fiskalen, epaileen, erakundeen eta kazetarien aurkako jazarpenak gertatu izan dira Guatemalan, eta ustelkeria salatu zuten hainbat lagun atxilotu dituzte edo erbesteratuak izatera behartuak izan dira.

Movimiento Semillak ere erasoak jasan ditu. Lehenengo buelta ondoren, Konstituzio Gorteak akta elektoralen berrikuspen arbitrarioa egitea agindu zuen. Ez da hutsegiterik aurkitu baina. Ondoren, salaketa bat jaso zuen Rafael Curruchiche fiskalaren aldetik, alderdiaren inhabilitazioa eskatzeen zuena, ustezko firma faltsuen kasu baten ondorioz. Fiskalak atxilotze agindua eman dezakeela adierazi du eta alderdia hauteskundeen ondoren suspenditzea. UNEk neurri horiek babestu ditu.

Alderdi progresistak irabazi izanak aldaketa handiak ekarri ditzake Guatemalarentzat, eta zailtasun handiak ere bai: “Aldaketak egiteko egoera politiko egokia izatea zaila izango da, sistema guztia beraien aurka dutelako”, adierazi du Luis Fernando Mack Analistas Independientes de Guatemalako kideak.