argia.eus
INPRIMATU
Moussa bizilagunaren kanporatzea ekiditeko herri bazkaria egin dute asteburuan Txantrean
  • Kanporatze agindu mehatxua gainean du Moussa txantrearrak. Bizilagunak bildu dira prozesuari aurre egiten laguntzeko.

Euskalerria irratia @fm983irratia Haritz Pascual Garjon 2024ko irailaren 10a

Ehun txantrear baino gehiago bildu ziren larunbateko paella erraldoiaren inguruan. Helburu argia zuen topaketak, Moussa bizilagunari elkartasuna adierazi eta ireki zaion prozedura judizialari aurre egiteko dirua biltzea. Sistemaren tranpan sartuta baitago Moussa. Hiru urtez Txantrean bizitzen egon arren, lan bat, lan legala lortzeko paperik ez du oraindik ere. "Hiru urte daramatza Iruñean egoera administratibo irregularrean bizitzen", azaldu du Euskalerria Irratian Isa Egiguren txantrearrak, "Lehen hiru urteetan ezin dute lan egin eta egoera horretan diren pertsona askok imitaziozko jantziak saltzera jotzen dute dirua irabazi ahal izateko. Moussak bi salaketa ditu honengatik eta horrek Senegalera kanporatua izatea ekar dezake".

Kanporatze mehatxua gainean du Moussak eta baita isun handia ordaintzeko aukera larria. Txantrearrak abokatua eta prozesua ordaintzeko dirua biltzeko bildu diren bitartean, Nike enpresa erraldoiak, 1.300 euroko kalteordainak eskatzen dizkio imitaziozko oinetakoak saltzeagatik. 1.300 euro Niken aurrekontuetan…ur tanta itsasoan haientzako, arazo larria Moussarendako.