argia.eus
INPRIMATU
Mourid Barghouti hil da, erbestea islatu zuen Palestinako idazle maitatua
  • Mourid Barghouti idazle eta poeta palestinar ospetxua igandean hil da, 76 urterekin, Jordaniako Amman hirian. Barghoutik bere bizitzaren parterik handiena erbestean egin du, Palestina jaioterriari eta Israelen okupazioari buruz idazten.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko otsailaren 17a

Barghouti Ramallah hirian hazi zen bere hiru anaiekin batera. 1960ko hamarkadaren erdialdean, Egiptora joan zen, Kairoko unibertsitatera. Ikasketak amaitzear zela, 1967an Sei Egueko Guda hasi zen. Guda amaitzerako, Israelek Gaza eta Zisjordania okupatuak zituen eta Barghoutik ezin izan zuen etxera itzuli.

1977ko udazkenean, Barghouti Egiptotik deportatu zuten. 17 urtez bizitu zen bere emazte eta semearengandik urrunduta. Urte luzez Budapesten bizitu zen Palestinaren Askapenerako Erakundeko ordezkaritza lana ere bere gain hartuta.

Osloko akordioek Barghoutiri Zisjordaniara itzultzeko aukera eman zioten, eta 1996an Ramallahra bueltatu zen 30 urteko erbestearen ostean. Orduan idatzi zuen Ramallah ikusi nuen nobela autobiografikoa. Bertan zioen: "Erbestearen lasaitasuna eta segurtasun nahia ez dira inoiz guztiz gauzatzen. Aberriak ez du gorputza uzten azken unera arte, heriotzaren unera arte", Democracy Now-k jaso duenez.