Astelehen goizaldean eta istilu ugari tarteko, jendarmeek jendea kanporatu dute Kolbsheim-eko (Frantzia) basoan dagoen ZAD gunetik.
Estrasburgo mendebaldeko saihesbidearen (GCO) aurkako gunea da Moulineko ZADa. 2017 urtetik egon da okupatuta, Vinci enpresak aurrera eraman asmo duen errepideari bidea moztu asmoz. Astelehenean, baina, Frantziako poliziaren 500 agentetik gora bertaratu ziren eta hustu egin zuten eremua.
Reporterrek jakitera eman duenez, goizaldeko bostak bueltan sirena hotsak hartu zuen Kolbsheimeko basoa, jendarmeen bisita iragarriz. ZADeko kideak eta inguruko herrixketako hainbat lagunek basoaren ertzean hartu zuten tokia, eremua inguratuz. Lehen karga polizialen ostean, baina, ZADeko sarrerara erretiratu ziren.
Liskarrak hasi eta ordu betera, une batez giroa baretu zela aprobetxatuz, saihesbidearen aurkako borrokako kide bat polizia agenteengana hurbildu zen, beste zenbait kargu politikorekin batera, Dany Karcher Kolbsheimeko alkatea tartean. Negoziaketa saiakerak ez zuen arrakastarik izan ordea, eta liskarrak beste bi orduz iraun zuen. Poliziak zauritu eta gaseztatu zituenen artean Kamina Delli eurodiputatu ekologista;
Poliziaren ke negar-eragile eta kargei erresistentzia egiten jardun zuten bertan zeuden ekintzaileek, baina goizeko zazpiak bueltarako hustu zuten ZADa jendarmeek. Astelehen arratsaldean bertan manifestazioa egin zuten, eta polizia ostera ere oldartu egin zitzaien ekintzaileei.
Estrasburgo mendebaldeko saihesbidearen proiektua 70eko hamarkadan jaio zen, eta ordutik hona eztabaida piztu du proiektuaren aurkari eta aldekoen artean. Hasiera batean alboratu egin zen proiektua, baina hogei urteren bueltan berriz mahaigaineratua izan zen.
Bi dira Vendenheim eta Duttlenheim arteko proiektuaren helburuak: Estrasburgo zeharkatzen duen A35 autobideko garraioa arintzea eta Europako iparraldetik hegoaldera doazen kamioien garraioa erraztea. Halabaina, proiektuaren aurkako ekintzaileek, zenbait ikerketa publikok, eta Naturaren Babeserako Kontseilu Nazionalak zein Biodibertsitate Agentziak publiko egindako iritzi negatiboek zalantzan jarri dituzte GCOaren ustezko onurak.
Eztabaidak eztabaida, abuztuaren amaieran proiektua onartua izan da eta saihesbidea egiteko obra lanak baimendu egin dira.