argia.eus
INPRIMATU
Motxiladun umeek urte erdi daramate gurasoak ikusi gabe
  • Euskal presoen seme-alabek urte erdia aita, ama edo biak ikusi gabe daramatela salatu du Sarek. Ia 100 motxiladun haur eta nerabe daude Euskal Herrian: “Zein agintari, politikari, epaile edo herritarrek onartuko luke seme-alabak ikusi eta besarkatu gabe hainbeste hilabete egotea?”.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 21a

Sare Herritarrak gogoratu du motxiladun haurrek zigor hirukoitza bizi dutela: egunerokoan guraso presoarekin ezin egotea, gurasoei aplikatzen zaien salbuespen legedia, eta urruntze politikagatik gurasoak ikusteko egin beharreko milaka kilometroak. Pandemiaren testuinguruan, gainera, zigor bat gehitu zaio: hilabete luzez aita edota amarekin ezin elkartzea. Haur gehienek otsailetik daramate preso dauden gurasoak ikusi gabe.

Sarek azaldu duenez, kartzela batzuetan esan diete abuztuan ere ez dutela familiarteko aurrez aurrekorik izango. Horrez gain, “konfinamendu, isolamendu eta neurri berrien mamua gero eta handiagoa den honetan, nork ziurta diezaieke haurrei ama ikustera Galiziara edo aitarekin jolastera Cordobara joan ahal izango dutenik?”.

Izadi, Irati eta Ilargi

Espetxean bizi diren motxiladun umeen egoera bereziki larria dela nabarmendu dute: “Aranjuez eta Picassenteko espetxeetan daude Izadi, Irati eta Ilargi. Oraindik ez dizkiete aurrez aurreko familiarrak eta konbibentzikoak onartu, eta ez dakite abuztuan izango dituzten”. Pandemiaren aurretik, ume horiek asteburuak senideekin kanpoan pasatzen zituzten, “kalearekin lotura sendotzeko ezinbesteko prozesu progresiboa baita”. Orain, irteera horiek etenda daude.

Euskal presoek aspaldi Euskal Herrian egon beharko luketela eta konponbidearen aldeko urratsak eman behar direla aldarrikatu dute. “Nola aurreratu daiteke bakean edo elkarbizitzan gaur azaleratutako egoera hauek mantenduz? Ezinbestekoa eta urgentea da preso eta iheslarien auzian ere benetako urratsak ematea”.