Gurasoak preso dituzten haurren inguruko dossierra osatu dute bi psikologok eta pedagogo eta irakasle banak, Sarek eskatuta. Porrotxek Motxilak gora! abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu dossierraren aurkezpenean.
“Gurasoak espetxean dituzten haurtzaroa zati bat lapurtzen zaie, aurretiazko heltze bat emanaz”, hala adierazi du Iñaki Barruti psikologoak, dossierraren egileetako batek. “Haurrek bisiten aurretik antsietate egoerak jasaten dituzte”, psikologoaren arabera. Bidaian zehar pairatu ohi duten “estresa” ere azpimarratu du Barrutik.
Estres hori bizi izan dutenetako bi dira Ekain Prieto eta Olatz Iglesias. Sareren aurkezpenean parte hartu zuten biek. Iglesiasek bi gurasoak espetxean izanak ditu eta garai batean asteburu bat Espainiara bidaiatzen eta beste Frantzian zehar igaro ohi zituen.
“Espetxean jaiotzen diren haurren kasuan, hiru urterekin amagandik banatzeak haurren izaera osatze prozesua kaltetzen du”, ohartarazi du psikologoak. Izan ere, amarekin egunero egotetik tartean behin ikustera pasatzen dira haurrak.
Dossierraren aurkezpenaz gain, Porrotxek Motxilak gora! abestia eta bideoklipa aurkeztu ditu. Katxiporretak produzitutako abestiaren musika Karlos Osinaga “Txap”ek eta Joseba Poncek egin dute eta hitzak Miren Amurizarenak dira.