Hainbat hilabetez luzatu diren prestakizunen ostean, armada eta gerrilla anitzetako 35.000 militar inguruk ekin diote Mosul hiria Estatu Islamiarrari kentzeko gudu handiari. Irakeko armadak AEBen gidaritzapean antolatu duen eraso honek sortuko duen krisi humanitarioak txiki utz dezake Siriako Alepon gertatzen ari dena.
Mosul inguruetan su egin duten 35.000 gizonen artean indar nagusia Irakeko armadak eta poliziak osatzen du, baina –ikusiko da zer nolako koordinazio mailaz– baita Kurdistan autonomoko pexmerga eta bestelako milizia sunita eta xiitek ere. Horiez gain, Sirian esku hartzen hasi zen Turkiak ere agindu du bere armadak Mosulen askapenean parte hartuko duela. Denen arteko ofentsiba antolatu eta koordinatzen AEBetako militar eta zerbitzu sekretuak aritu dira.
Aurrean dauzkate Estatu Islamiarreko 10.000 inguru miliziano, Mosulen jabe direnak 2014eko ekainean berenganatu zutenetik. Orduan Irakeko soldadu eta ofizialek gerrari ihes egin zioten, bertan lagata klase guztietako arma eta ekipamenduak. Geroztik EI hiria lubaki, bunker, tunel, mina eta klase guztietako osagaiz gotortzen saiatu da urteotan.
Ofizialki milioi eta erdi biztanle dauzkan arren, ez da ezagutzen zehatz zenbat herritar bizi diren gaur Mosulen, EI nagusitzean miloi erdik bederen ihes egin baitzuen. Herritarrek guduari ihes egitea zail daukate: alde batetik, gehiengoz sunita izanik, Irakeko armadan nagusi diren xiiten mendekuaren beldur dira eta, bestetik, EIko milizianoek gogor zigortzen dituzte alde egin nahiko luketenak. Nazio Batuen Erakundea udatik ari da ohartarazten Mosulen konkistak hondamendi humanitarioa ekarriko duela eta herenegun, 16, oroitarazi du oharra: 2016ko krisi humanitariorik larriena gertatzeko bidean dagoela Mosulen.