argia.eus
INPRIMATU
Mosul Turkiaren lurra dela aldarrikatuz, aliatuen arteko tirabirak piztu ditu Erdoganek
  • Irakeko Mosul Estatu Islamiarrari kendu nahi dioten aliatuen artean lehenbiziko tirabirak sortu dira, astelehenean Turkiako lehendakari Recep Tayyip Erdoganek aldarrikaturik Irakeko hiri nagusi hori historikoki turkiarrena dela. Bagdadeko gobernua haserretu da, zer esanik ez kurduak, eta AEBetako gobernua ari da saiatzen ekaitz berri honek ez dezan Mosul inguratzen duen armada heterogeneoa ahuldu.

ARGIA @argia 2016ko urriaren 20a
Erdoganek aipatu duen 1920ko itunak, Turkiako legebiltzarrak turkiarren lur historikotzat berresten zituenak, honako mapa erakusten zuen. (Iturria: Misaki Mili)

Uneotan Turkiako armada gerran sartuta dago bai Sirian eta bai Iraken, eta bien etorkizuna negoziatuko den mahaian egotea nahi duela azpimarratzeko Erdoganek astelehenean aipatu zuen 1920an bere parlamentuak aho batez hartuko erabakia, Turkiak aldarrikatzen dituen lur historikoak izendatzen dituena, tartean Siriako Alepo, Irakeko Mosul eta bi herrialdeetako Kurdistan oso-osorik. "Inork ez du lortuko Mosulgo ekuaziotik kanpo uztea Turkia", esan zuen Erdoganek.

Armada turkiarrak 700 militarretik gora dauzka gaur Irakeko lurretan, baina gainera turkomanoz eta beste suniz osatutako miliziak ere babesten ditu. Teorian horiek ari dira elkarlanean AEBko militarrekin, Irakeko armada eta miliziekin eta Kurdistan autonomoko pexmerga milizianoekin. Hauen artean sortu dute haserrea Erdoganen hitzek. Kurduek nekez daukate laguntzea beren izatea bera ukatzeaz gain odoletan itotzen saiatzen den Turkiarekin.

Baina orain, gainera, arriskuan jartzen dio egonkortasuna Irakeko gobernu-buru Haider al-Abadiri ere, turkiarren aurrean ahul azaltzen bada gainera etorriko zaizkiolako Irakeko indar asko, tartean bera bezala xiita izanik posizio bortitzagoak defendatzen dituen Nuri al-Maliki. Horiek guztiak lasaitu eta Erdogani mihia zaintzeko eskatzera doa bihar, ostirala 21, Ash Carter AEBetako Defentsa ministroa Ankarara: "Ahaleginak egingo ditugu tentsio horiek ez dezaten sortu garaipen militarra ahulduko duen egoera kaotiko bat".

Bitartean, Errusiak eta Siriak su etena ezarri dute Alepoko zeruetan. Eta beren kezka azaldu dute Mosuletik ihesi doazen jihadistak Siriako Estatu Islamiarra indartzera doazelako, Raqa hirira nagusiki. Erdoganek Alepo turkiarrei dagokiela esateak arrazoi ematen diela sentituko zuten.