argia.eus
INPRIMATU
Mossoen gomazko piloten ordezkoa,
granada jaurtigailu baten egokitzapena
  • Gomazko piloten ordez, Portugalgo ejertzitoak erabiltzen zituen granada subfusilen eratorriak erabiliko dituzte Esquadra Mossoek, La Directa astekariak dioenez. Kaleko istiluetan erabiltzeko egokitutako armak dira.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 08a
Aditu baten eskutan 15 zentimetroko jo puntua 50 metroko distantziatik jotzeko gai da arma berria.

Urri amaieran erabaki zuen CIUk 2014ko maiatzetik aurrera gomazko pilotak  ordezkatzea. Hala ere, Kataluniako Barne sailburu Ramon Espadalerrek orain arteko jaurtigarriak munizio sendoarekin ordezkatuko zituela jakinarazi zuen.

Orain iragarri dute jaurtigarri berriak GL-06 eskopetak izanen direla. "Foam” izeneko poliuretanozko geruza biskoelastiko batekin estalitako golfeko pilota baten antzekoak jaurtiko ditu. Eta hogei jaurtigai dispara ditzake minutuko.

Arma berriak LL-Less Letal izendapena hartu arren, hankan joz gero, berehalako inhibizio muskularra eragiten du eta pertsona momentuan bertan geldiarazten du, handik minutu batera arte mugiezin utziz. Horrez gain, ondorengo egunetan errenka uzten du tiroa jaso duen pertsona eta ondorioak 45 egunetan luza daitezke.

Teknologia militarrean espezializatutako arma esportatzaile eta OTANen ohiko hornitzaile den B&T enpresa suitzarrak ekoiztuko ditu jaurtigarriak.

Gomazko piloten eraginez hainbat lagunek ondorio larriak jasan ostean (Ester Quintanaren kasua lekuko) presio soziala egin asmoz Stop bales de goma gisako hainbat plataforma sortu ziren horien debekua eskatzeko.