Esquadra Mossoek sei lagun atxilotu dituzte ostegunean Bartzelonan, Can Vies zentro autogestionatua hustu eta botatzen hasi osteko liskarretan parte hartu zutelakoan. Maiatzean hustu zuten Sants auzoko eraikina.
Bartzelonako kaleetan egin ziren protestek eragina izan zuten eta Udalak zentro sozial autogestionatuaren eraisketa gelditu zuen. Auzotarrek, euren kabuz, eraikinaren berreraikuntzari ekin zioten hura hustu eta astebete ingurura.
Kalez jantzitako poliziek atxilotuak
Hilabete baino gehiago pasa denean, Mossoek sei lagun atxilotu dituzte Bartzelonan. Directa.cat agerkariak jakinarazi duenez, haietako bat, Can Vieseko asanbladako kide dena, arratsaldeko 15:00ak inguruan atxilotu zuten kalez jantzitako poliziek Espainia Plazan. Lau ordu geroago aske geratu zen, ordea, ez dagoelako bere aurkako akusazio formalik, ezta delitu konkretu batekin lotzen duen atestaturik ere, haren abokatuak azaldu duenez.
En Moviment eta Som Can Vies-ek jakinarazi dutenez, atxilotuetako bost utzi dituzte aske. Hainbat kolektibok deituta, elkarretaratzera deitu dute gaur, 19:00etan.
Mossoek adierazi dute jada 72 lagun atxilotu dituztela Can Vieseko liskarrengatik, eta datozen egunetan kopurua handitu egin daitekeela.