argia.eus
INPRIMATU
Moskuren aburuz Putin hil nahi izan dute, eta Kievek dio dena propaganda dela
  • Asteazken goizaldean Kremlinari eraso egin zioten bi droneekin Ukrainak Vladimir Putin hil gura zuela salatu du Moskuk. Ukrainak, aldiz, dena Moskuren antzerki bat dela dio, ondoren Ukrainaren aurkako eraso gogorragoak justifikatzeko.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko maiatzaren 04a

Horiek dira dronen erasoen inguruko hipotesi nagusiak, baina, informazioaren gerran, badira gehiago ere. Ohikoan Ukrainaren aldeko jarrera argia duten Mendebaldeko hedabide ugariren esanetan, erasoa izan liteke Putinen aurkako errusiarrena ere; eta bada dioenik Errusiatik bertatik ari diren Ukrainako armadako kideak direla. Horietako hainbat hipotesi irakurri daitezke Courrier Internatinal-ek egiten duen hemeroteka lanean.

Alde bietan dozenaka milaka lagun heriotzera eraman dituen gerran, batak zein besteak izan ditzake arrazoi ugari arerioaren bihotza kolpatzeko. Hala ere, Putin hil nahi izan dute, Moskuk dioen legez? Putin hiltzea hori baino aski konplexuagoa da, baina akaso Kremlinari eraso egitea ez da horren gaitza, edo sikiera saiakeraren berri ematea, horrek Moskun segurtasun eza barreiatzen laguntzen duelako. Besteak beste, erakusten duelako ez direla behar misil interkontinentalak Kremlina jotzeko, eta lehergailuz kargatutako dron batzuk nahikoak izan daitezkeela helburu hori lortzeko.

Dronen hipotesiak

Mosku Ukrainatik 750 kilometrora dago, eta esaten da Ukrainako dronek 1.000 bat kilometro egiteko ahalmena dutela. Hala ere, pentsatzekoa da Kremlinera defentsa errusiarrak bota gabe heltzeko ahalmena izanda ere, nekez hilko dutela han Putin, mandatari errusiarrak aspalditik ez duelako bertan lo egiten. RIA Novosti albiste agentzia errusiarraren esanetan, Putinek Novo-Ogariovo-ko bere bunkerrean egiten du lan, Moskutik 25 kilometrora.

Jakina, nahi beste irakurketa egin daitezke dronei buruz. Washington Postek dioenez, adibidez, erabilitako dronek izaera komertzialekoak dira eta horiek ezin ditzakete oso hegaldi luzeak egin, horregatik uste dute Moskutik gertu samar dagoen leku batetik abiatu direla.

Kieven ustez, aldiz, dena Moskuren jokaldi bat da, bai errusiarren kohesioa lantzeko, eta baita ondoren Kiev hiriari edo agintarien egoitzei gogorrago eraso egiteko ere. Dakigunez behintzat, orain arte aldeek ez dute jo bi herrialdeetako goi agintaritzen aurka, baina Errusiak adierazi du jada, eraso honen ondoren “edonon” jotzeko zilegitasuna duela.

Propaganda operazioa dela esateko, Mendebaldeko hedabideetan aipatzen da sare sozialetan ikusten diren erasoaren irudiak Kremlinaren inguruko kamerek jasotakoak direla, horiek guztiak errusiar agintarien kontrolpean daudela eta ez liratekeela argitaratuko haien baimen barik.

Edozein kasutan, erasoa etorri da Ukraina bere erasoaldi handia hastekotan denean eta Errusiak Bigarren Mundu Gerraren garaipena ospatu behar duenean. Eta etorri da, halaber, Europar Batasunak joan den asteazkenean beste 500 miloi euro onartu dituenean Ukraina militarki laguntzeko, eta AEBek beste 300 milioi dolar.