Aitor Arregik, Jon Garañok, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Xabier Berzosak osatzen dute ekoiztetxe donostiarra, eta euren lana aitortu nahi izan du Donostiako Udalak.
2001. urtean sortu zen ekoiztetxea, eta, ordutik, fikziozko bost film luze, hiru dokumental zinematografiko, hamar film labur baino gehiago, telebistarako hainbat dokumental eta telesail bat ekoitzi dituzte Moriartikoek. Halaber, nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu dute, baita 450 sari baino gehiago lortu ere. Irabazitako sarien artean daude hauek: hamabi Goya sari eta 31 izendapen, bi hautagaitza Oscar sarietan, Donostiako Zinemaldiko zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, gidoi onenaren saria, FIPRESCI saria eta epaimahaiaren sari berezia, film onenaren Forque saria, EFA sari bat, Premio Platino bat eta Sant Jordi saria.
Hainbat film entzutetsu ondu dituzte, besteak beste, Lucio (2007), Loreak (2014), Handia (2017), La trinchera infinita (2019) eta Marco (2024). Halaber, Cristobal Balenciaga moda diseinatzailearen inguruko telesaila egin zuten iaz.
Ekitaldi hunkigarria
Atzo, San Sebastian egunez, udal Txistulari Bandak ireki zuen ekitaldia, 12:30ean, eta Aitziber Fernandez aurkezleak lehenengo hitzak esan ostean, Union Artesanako danbor eta upel jotzaileek diana jo zuten jarraian. Eneko Goia alkatea izan zen hitza hartzen hurrengoa eta, lehenik eta behin, “begiak ixteko” eskatu zien udal batzar aretoa betetzen ari ziren guztiei, eta Moriartik ondutako Cristobal Balenciaga telesaileko eszena bat irakurri du; Coco Chanelek eta Balenciagak elkarrekin afaltzen duteneko eszena, hain zuzen ere, udal batzar aretoan grabaturikoa.
Ekoiztetxeko kideek Donostiarekin izan duten eta duten harreman estua errepasatu zuen ondoren alkateak, aldi berean, euren ibilbide zinematografikoaren errepasoa eginez. Era berean, euren lan egiteko modua goraipatu zuen Goiak: “Tekla aurkitu duzue, zuen pelikulak iritsi daitezen, konektatu dezaten eta hunkitu dezaten. Begirada zintzoa, zehatza, sentikorra, estetikoa, baina baita oso etikoa ere. Eta gainera, oso modu gipuzkoarrean egin duzue. Lan isila eginez, baina lan asko eginez. Zaratarik gabe eta handinahikeriarik gabe. Gainera, eta hau bada zuen ezaugarri berezkoa, talde lanean aritzen zarete”.
Urrezko Danborra jasotzearen garrantzia ere nabarmendu zuen Goiak: “Donostiako Urrezko Danborra izatea aintzatespen handia da, eta harro egon behar da, eta ospatu egin behar da. Baina, aldi berean, erantzukizun handia da. Hemendik aurrera, hiriaren enbaxadore bihurtzen zaretelako ofizialki. Une horretatik aurrera, bereizten eta aitortzen zaituen hiriak eskatzen dizue zuen karreran zehar egin duzuena egiten jarraitzeko: hartaz hitz egin, zuen filmetan erakutsi, eta, zergatik ez, amets egitera ausartzen naiz, agian egunen batean protagonista bihurtzera. Beraz, uste dut harrotasunez eraman behar duzuela danbor hau, zuen estiloarekin, honetan ere nahiko gipuzkoarra baita, apala, zalaparta handirik gabea, baina Urrezko Danborra jasotzeak hiri honekin betiko lotzen zaituela jakitearen kontzientziarekin”.
Era berean, Donostiako Zinemaldiari keinua eginez amaitu zuen hitzartzea alkateak: “Gaur hemen jasoko duzue Urrezko Danborra. Ez da hiri honek ematen duen metal preziatu horri lotutako bereizgarri bakarra. Espero dut Jose Luis Rebordinos ez haserretzea, baina zuen ibilbidea eta kalitatea ikusita, espero dut egunen batean zuen filmen batek merezi izatea zuen ogibidearekin lotuago dagoen beste sari hori, Urrezko Maskorra, alegia”.
Moriartiren lanari aitortza egiteko bideo bat proiektatu ostean, Jorge Gil Munarrizek hartu zuen hitza, Moriartiren hastapenetan aritutako lagun gidoilariak. Ekoiztetxeak hastapenetatik egindako ibilbidea errepasatu zuen, eta ekoiztetxeko bost kideek hiriko sari gorena jaso dute jarraian, hunkituta. Urrezko Danborra eskuetan zutela, Kukai dantza taldeko Alain Maya eta Mairi Castaño dantzariek, txistulariek lagunduta, Ohorezko kontrapasa dantzatu diete.
Bost kide, bost hitzartze
Moriartiko bost kideek hartu zuten hitza jarraian, “oso eskertuta”. Hitzartze bakoitza eszena gisa irudikatu zuten, eta euren ibilbidea errepasatzeko baliatu zuten aukera, baina ez soilik, Euskal Herriko zinemagintzari keinua ere egin baitiote, ekoiztetxe txikien eta langile nekaezinen lana aitortuz.
Jon Garaño izan zen hitz egiten azkena, eta eskerrak emateko aprobetxatu zuen: bosten senideei, hasieran beraiekin aritu zen Gil Munarrizi, alkateari, udal bozeramaileen batzordeari, zinegotziei, “hautagaitza aurkeztu zuenari edo zutenei” eta “Donostiako herriari”.
Solemnitatea guztiz alde batera utzi gabe, baina San Sebastian eguna beste ezeren gainetik jai bat dela ahaztu gabe, “gora Donostia” oihukatuz itxi zuen ekitaldia Fernandez aurkezleak, eta denek elkarrekin San Sebastian martxa eta Ixil-ixilik dago abestuz bukatu zuen.