argia.eus
INPRIMATU
Energia berriztagarria
“Moratoria, planifikazio demokratikoa eta eraikuntza txikiagoak behar dira”
  • Nafarroako Erreniega mendilerroaren hegoaldean eraiki nahi dituzten eguzki poligonoen aurkako ibilaldia egin zuten larunbat goizez ehunka herritarrek, Salba dezagun Erreniega elkarteak deituta.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 05
Garesen abiatu, Muruzabalen geldialdia egin eta Eunateko Andramarin amaitu zuten ibialdia. (Arg.: @Adios Adiosadios)

Ehunka lagun bildu ziren Garestik Muruzabalera egindako martxan. Handik, Donejakue bidean barna, Eunateko Andramarira jo zuten bertan fotovoltaikoei buruzko performance batekin bukatuz. Antolatzaileen esanetan, eraiki nahi diren makro-parkeak ez dira energia trantsizioari aurre egiteko proiektu egokiak eta biodibertsitatean kalte handiak ekar ditzakete, “eragin itzela paisaian, eta ekoizpen handiko nekazari lurren eta landa turismoaren desagertzea”.

Zer bakarrik ez, nola ere aldarrikatzen dute: “Planifikazio demokratikoa behar da eraikuntza hauek guztiak egiteko, eta horrek eskatzen du eztabaida, baloratu ahal izateko noiz, non eta nola garatu behar diren energia berriztagarriak”. Autokontsumoa bultzatu behar dela diote, egungo oligopolio elektrikoaren praktika espekulatzaileari oztopoak jarriz: “Erabakien deszentralizazioa, tokiko eraikuntzak, eta energia ekoizpenaren demokratizazioa” ekarriko duten ereduetan sakondu behar dela.

Energia berriztagarriak behar dira, “baina lurralde oreka mantenduz, herri eta eskualdeetan enplegua sortuz, biodibertsitatea, nekazari eta abeltzaintza baliabideak zainduz”. Hau guzti hau bideragarri egiteko, Nafarroan aurreikusten diren proiektu fotovoltaikoen eta eolikoen moratoria eskatu diote beste behin ere Nafarroako Gobernuari.

Argazkia: @Adios Adiosadios
@Adios Adiosadios