argia.eus
INPRIMATU
Moral bikoitza
  • Bi gertakari handik AEBak astindu dituzte azken asteetan. Alde batetik, Londresen Julian Assange atxilotu dute, Chelsea Manning lagundu zuelakoan gobernuaren pasahitz bat deszifratzen. Bestalde, Muller txostena delakoa osatu egin dute, aspalditik ikusmin handia sortu duen dokumentua. Hor ikertu dute ea Donald Trumpek parte ote hartu zuen 2016ko hauteskundeetan Errusiak egindako interferentzian. Afera argitzeko oztoporik jarri al zuen ere ikergai izan dute.

Paul Iano 2019ko maiatzaren 30

Gizon horietako bat ere ez dut inola gogoko. Bata salatua izan da zenbait emakume behartu dituelakoan haiekin izandako sexu harremanetan babes-neurririk ez hartzera. Horrez gain, nagusitasun moralak dakarren nartzisismo larriak jota dago. Besteari dagokionez, zaila da jakitea kritikatzen nondik hasi ere, hainbat ekintza arbuiagarri egin baititu ez bakarrik emakumeen aurka, baita imajina daitekeen edozein giza talderen aurka ere, gizon zuri kontserbadore eta aberatsen kontra ez bada. Dena den, ez da harritzekoa jendeak biak balio desberdinen arabera epaitzea; azken finean, bata AEBetako burua dugu eta bestea aberats eta boteretsuei traba egiten ari zaie.

Muller txostenaren 300dik gora orrialdeetan zera topa daiteke: gobernuaren arabera, Trump justizia oztopatzen saiatu da (horrek impeachment edo kargugabetzea ekar liezaioke), baina ez du bere helburua lortu bere sikarioak ausartu ez zirelako. Beraz, ez dute uste erantzukizunik eskatu beharko litzaiokeenik. Assange, bestalde, bere bizilekutik bortxaz aterarazi eta espetxeratu dute AEBetara estraditatzeko asmoz, soilik hackeatze delitu arin bat gauzatzen saiatu zelako, lortu ez bazuen ere.

Ez da nire asmoa Assange defendatzea. Izan ere, uste dut ezkerrak sistematikoki zuritzeari utzi beharko liokeela. Bere identitatearen oinarriak ameskeria tekno-anarkokapitalistak eta salbatzaile-mentalitate sakona dira, eta emakumeen aurkako bortizkeriagatik jasotako salaketak sinesgarriak iruditzen zaizkit, espero genitzakeenak. Baina hor ez dago koska. Kontua da gizon hori indargabetu, atxilotu, zelatatu eta burua galtzeko moduko egoera batean jarri dutela delitu bat egiten saiatu omen delako eta, bitartean, pertsona aberats eta boteretsu bat bere ustezko krimenez desenkusatzen ari direla justu kontrako argudioa erabiliz.

Egia esan, bi arrazoibideek zentzudunak dirudite banaka aztertuta. Biak batera ikusita, ordea, boterearen funtzionamendua bere gordintasunean argi azaltzen da. Assange, terrorista ala salbatzaile politikoa? Dikotomia sinplista horretatik harago joan behar dugu eta aztertzen hasi beharko genuke gertaera horiek zer kontatzen diguten sortzen ari garen gizarteari buruz.

Artikuluaren itzulpena: Diego Pallés Lapuente