argia.eus
INPRIMATU
Montehermosok lau artistaren proiektuak aukeratu ditu 2021erako
  • Montehermosok eta EHUk elkarlanean dihardute sorkuntza arloko azken joeren zabalkundea bultzatzeko, eta 2021ean Miguel Alejos, Jugatx Astorkia, Gaspar Aviles eta Rocio Agudoren proiektuak ikusgai izango dira Kulturunean.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2020ko azaroaren 09a
Montehermoso Kulturuneko ur biltegia. / MONTEHERMOSO

Gasteizko Udalak eta Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatu zuten hitzarmenaren barruan, Montehermoso kulturuneak Miguel Alejos, Jugatx Astorkia, Gaspar Aviles eta Rocio Agudoren proiektuak aukeratu ditu EHUrekin batera egiten duen deialdian.

Deialdiaren helburua da etorkizunean, artista horiek profesional bihurtzen direnean, lanean erabili beharko dituzten espazioak eta tresnak eskura jartzea. Hortaz, 2018an hasitako bideari jarraituz, aukeratutako proiektuak Jovellanos aretoan erakutsiko dira, banaka, 2021ean. Horrez gain, 900 euro ordainduko zaio artista bakoitzari aurkezpenagatik, eta banakako katalogoa egingo zaie.

Guztira, 26 proiektu jaso dira deialdian, eta horietatik lau aukeratu ditu hautaketa-batzordeak; Cristina Arrazola-Oñate deialdiaren komisarioak, Edurne Gonzalez Arte Ederren Fakultateko kultur zabalpenerako dekanordeak, Arantza Lauzirika Arte Ederren Fakultateko dekanoak, eta Luis Maria Pascual Montehermoso Kulturuneko kideak osatu dute batzordea.

Formas de aproximación, Miguel Alejos

Proposamena Formas de aproximación izeneko lanetan oinarritzen da; irudia-bideoa-instalazioa. Hurbiltzea, esperientzia estetikoan materialarekin erlazionatzeko modu gisa. Hainbat lan bideografikoren bitartez, artistak aztertu egiten ditu zoomaren ahalmenak eta esanahia; hau da, zinema-irudiaren bitartez artxibo edo espazioetara hurbiltzeko ekintza, hala nola argazkietara eta objektu zein espazio arkitektonikoetara.

Irudiaren, narratibitatearen eta pertzepzioaren inguruko esperimentazio eta ikerketa prozesua da. Erreferentzia ezabatu nahi da, eta, nolabait, ikuslearen begirada eragoztea. Baina, aldi berean, gorputzaren nahi bat dago, irudia ukitzeko, eta pixelera eta irudiaren mamira iristeko nahia.

Impr pant, Jugatx Astorkia

Proiektuak irudi digitalaren eta analogikoaren arteko hibridazioa ikertzen du, eta eraldatzeko moduari buruzko hausnarketa egiten. Irudiaren osaera (kimikoa edo bitarra), eraldaketa (analogikoa edo digitala) eta prozesua aztertuta, artistak hainbat galdera egiten ditu: Zein da irudi bakarrak izan dezakeen izaera? Zenbateraino erreproduzitu daiteke irudi berdina? Zer alde dago irudi kimiko edo bitarra sortzean? Nola gurutza daitezke eraldaketa prozesu analogiko eta digitalak? Proiektuak ideia horiek guztiak zalantzan jarri eta horietan sakontzen du.

Campeones del mundo, Gaspar Aviles

Materiala aldatzean edo bestelako aldaketaren bat egitean beste gauza bat bihurtzen diren hainbat objektu fetitxeren arteko harremana eta elkarrizketa proposatzen du. Hau da, aldaketa horien bitartez lehen bezala funtzionatzeari uzten diote, eta beste entitate bat hartzen dutenen artekoa. Gorputzaren neurrira eginda egoteaz eta beste elementu batzuekin elkartuz gero, autonomia lortu eta beste gauza bat bilakatzeaz hitz egiten du.

Stay Focused, Rocio Agudo

Ikus-entzunezko sorkuntza proiektu honetan, artistak errepresentazioarekiko duen jakinmina askatzen du: Zerk garamatza fikzioa sortzera? Zein da errealitatearekin duen lotura? Nola errepresentatzen du pertsonak bere burua? Egileak ikus-entzunezko lengoaia hegemonikoa birplanteatzen du, eta hausnartu egiten du kameraz, subjektu gisa, eta nork bere burua eta beste pertsona batzuk grabatzeko prozesuaz.