argia.eus
INPRIMATU
Monte Perdidokoa galzorian dauden glaziarren artean sartu dute
  • Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.  

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 20a
Monte Perdido mendia. Javi.cavi (CC BY-SA 4.0)

Global Glacier Casualty List-ek Aragoiko Pirinioetako azken glaziarretako bat sartu du desagertzear diren zerrendan. Galduta, egoera konponezinean eta desagertze-prozesu bizkorrean dauden izotz-masak sailkatzen dituzte.

Horrekin elkarlanean dauden Pirinioetako Ekologia Institutuko ikertzaileen arabera (IPE-CSIC) Monte Perdidon izotz-galera izugarri bizkortu da. Halaber, joera orokorra dela adierazi dute, Pirinio osoan elur masaren lodierak sei metrotan egin baitu behera azken hamarkadan; bereziki beroenak izan diren 2022 eta 2023 urteetan. 

Tenperatura gero eta altuagoek, elur-metaketa txikiagoek eta muturreko bero-aldien areagotzeek izotza urtzea sortuko dutela salatu du Insitutuak. Klimak egungo joerari eutsiko balio, 2035erako Monte Perdidoko glaziarra desagertuko litzateke. Baina baldintza meteorologikoak hobegoak balira ere, ia ezinezkoa izango litzateke berreskuratzea.