argia.eus
INPRIMATU
Monte Perdidoko glaziarra bitan zatitu da, Pirinioen patuaren erakusgarri
  • 2022 eta 2023ko beroaldiek eragin handia izan dute Pirinioetako glaziarrengan. Guztiek egin dute atzera, eta zientzialariek ohartarazi dute hamarkada bat edo bi barru betiko desagertuko direla. Azterketek diote hormagune bilakatuko direla urte gutxian; glaziarrak dauden lekuetan elur eta izotza pilatuko da, baina bolumen txikiagoa izango dutenez, blokeok ez dira mugituko.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko azaroaren 07a
Monte Perdidoko glaziarrak hiru zati ditu jada / Argazkia: Ordesako Parke Nazionala

Beroaldien ondorioz, Monte Perdidoko glaziarra, Pirinioetako handienetakoa, 3.000 metro inguruko garaieran kokatua, bitan zatitu dela jakinarazi dute Pirinioetako Ekologia Institutuko, EHUko eta Zaragozako unibertsitateko ikerlariek. Adierazi dute 2022 eta 2023 urteetan atzeman dituztela "galerarik handienak", 2011n neurketak egiten hasi zirenetik.

Ordesako Parke Nazionalean dago Monte Perdidoko glaziarra. Behealdeko glaziarra izan da bitan zatitu dena –goi partea aurrez banandu zen–, eta orain, beraz, hiru puskatan geratu da  zatituta. "Ekialdera geratu den puska da glaziar baten ezaugarriak dauzkan bakarra, pitzadurak dituelako eta izotza mugitu egiten delako", azaldu dute ikertzaileek, "baina etengabe ari da atzera egiten eta egoera prekarioan dago". Gaineratu dute goi partean geratu den blokeko puntu batzuetan ere izotz gehiago pilatzen dela, eta litekeena dela hura ere mugitzea, nahiz eta "hura ere nabarmen ari den atzera egiten".

Monte Perdidoko glaziarra, hirutan zatiturik. Grafikoa: Eñaut Izagirre / CryoPyr ikerketa taldea.

Monte Perdidoko glaziarraren eboluzioak Pirinioetako beste glaziar batzuekin gertatzen ari dena islatzen du, zientzialariek adierazi dutenez: "Beste behin ere, emaitza hauek berotze globalak Pirinioetan eta zehazkiago kriosferan duen eragina berresten dute". Hain justu, egunotan jakin dugu Sarenneko glaziarra "hil egin dela" Alpeetan, eta Iratiko estazioan ez dela iraupen eskia egiteko aukerarik izango denboraldi honetan.