argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Monsieur Tout le monde

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko irailaren 17a
Gisèle Pelicot, epaitegira sartzen. Argazkia: Afp

Mazaneko auzia dugu aipagai Frantziako komunikabideetan: emazte bat senarrak somniferoz drogatua, beste gizon batzuen hanken artean jartzeko, bortxatu zezaten. Hori hamar urtez eta hiru zenbakiz: 92 bortxaketa (gutienez), 72 gizonek eta 51 bortxatzaile epaiturik. Epaiketa auzitegiko ateak hetsirik egitea ez zuen onartu 72 urteko biktima Gisèle Pélicotek, eta hori "lotsak aldez aldatu beharra duelako". Baita beste bortxatu guztiekiko elkartasunez ere, hitza hartzearen urratsa errazteko asmoz. Bai dela ekarpen –eta erran gabe doa, indar– handia berea, zentzu anitzetan, baina bakarra hautatzekotan hau: bortxatzailea gure inguruko edonor izan daitekeela argira ekarri izana. Mugimendu feministak behin eta berriz errandakoa da, baina komunikabideen titularrak ikusirik, anitzentzako aurkikuntza edo kontzientzia hartzea izan da. Senar horri eta inguruko 50 bortxatzaileei begira jarri eta Monsieur Tout le monde [euskaraturik, Edonor jauna] zirela izan da epaiketaren lehen egunetako informazio nagusia. Suhiltzailea, kazetaria, familiako aita, erizaina, lagun zintzoa; Mazan herriaren inguruan bizi direnak… hots, "gizon arruntak". Bai. Bortxatzailea gizon arrunta da, egunerokoa zintzoki daramana, bere inguruan ongi integraturikoa. Bortxatzailea ez da "munstro" bat, bortxatzailea gizon arrunta da. "Alterizaziorako estrategia" deitzen zaio horri, bi multzo sortzeari, gureaz desberdina den beste multzo bat sortzeari. Gureaz ezberdina den multzo horretan sartu ohi dira bortxatzaileak: marjinalak, "eroak", kanpotiarrak… Baina ez. Gure inguruko gizon arruntak dira, nahi edo ez –edo hobeki erran: nahiz eta nahi ez ukan–. Hori aitortzen dugun egunean hasten ahalko dugu bortxaketa kulturaren ahultzea –desagerpena?– ekarriko lukeen zinezko lanketa bat. Gisèle Pélicotek ateak zabalik bideraturiko epaiketak hori ekarri digu argira.

Bukatzeko, abisua: sare sozialetan hasten bazaizkit gizon batzuk idatzi honen kontrako harri jaurtiketetan, hemendik erantzuna: isil. Isil, ez dudalako jasanen. Idazten ari naizen momentu honetan berean bi ditut inguruan gaizki: bata, depresio bortitz batean, artatzaileek trauma bat identifikaturik, eta dakidala, iraganean gizon batek bortxatua; eta bestea, bortxatua, [oraingoz] bortxaketa publikoki salatu ez duena, baina hor dabilena, aitzina, iraganeko trauma horrek bizia okupatzen diola. Eta beste behin errepikatuko dut: bi kasu horietan, ez dira gau beltzean agerturiko munstroak izan. Ez, gure inguruko gizon arruntak dira.