argia.eus
INPRIMATU
Monsanto marka desagerraraziko du Bayerrek berau 53.373 milioi eurotan erosi ondoren
  • EAEBetako transgeniko eta pestiziden korporazioak irudi oso txarra du mundu mailan. Bayer saiatuko da horri buelta ematen.

2018ko ekainaren 04a

Europa mailako farmakologia enpresa handiena da Bayer eta Monsanto marka ezabatzea erabaki du, 53.373 milioi eurotan eskuratu ondoren. Monsantok mundu mailan irudi ezin txarragoa du, hazi transgenikoak –batez ere artoa eta soja– ekoitzi eta Roundoup bezalako herbizidak saltzen dituelako.

Munduko hainbat lekutan egin izan dira Monsanto korporazioaren aurkako manifestazioak eta protestak. Monsantok duen tamaina handia eta nekazaritza mundura igorritako produktuak tarteko, mundu mailan gorrotoz ikusitako konpainia da.

AEBetako Justizia Departamenduak, pasa den asteartean eman zuen baimena Bayer eta Monsanto fusionatu zitezen, baina trukean, BASF enpresa alemaniarrari, haziak, Liberty herbizidak, laborantzarako lurren gaineko kudeaketa digitalaren negozioa eta ikerketa alorrean, indarrean dauden beste hainbat proiektu saldu beharko dizkio Bayerrek.

Europar Batasuneko agintariek ere eman diote argi berdea operazioari, El Pais-en esanetan. Honen arabera, Bayerrek 6.000 milioi euroko aktiboak saldu beharko ditu. BASF konpainiak eskuratuko ditu horietako 5.900 milioi euro.

Monsantoren merkatu nagusiak AEBetan, Brasilen, Argentinan, Kanadan eta Indian daude. Produktu hauekiko gaitzespena, OGM sigletatik dator. Sigla hauek genetikoki aldatutako organismoak identifikatzen dituzte. Aipaturiko produktuen merkaturatzea duela bi hamarkada eman zen eta, adibidez, Frantzian eta Alemanian debekatuta daude.