argia.eus
INPRIMATU
Monroe doktrina 2.0
IƱaki Etaio Alonso 2023ko otsailaren 08a

AEBetako Hego Komandoaren burua den Laura Richardsonek minutu bat behar izan zuen AEBetako inperialismoaren izaera azaltzeko, era sinple bezain argigarrian. Sistemaren hedabideetan oihartzunik ez bazuen ere –espero zenez–, web-ean dago urtarrilaren 19ko elkarrizketa. Latinoamerikarekiko harremanak parte-hartzea, segurtasuna eta oparotasunean kokatzeko erronkaz, eta Txina eta Errusiaren influentziaren arriskuaz aritu ostean, “lurra hartu” zuen. Izan ere, litioaren triangelua (Argentina - Bolivia - Txile), Guyana eta Venezuelako petrolioa, mineralak eta lur arraroak, Amazonia eta ur gezaren erreserbei egin zien aipamen. Jarraian, era enfatikoan itxi zuen minutua: “Asko daukagu egiteko. Zonalde hau garrantzitsua da. Nazio-segurtasunari estuki lotuta dago eta gure jokoa areagotu behar dugu”.

Konplexurik gabeko adierazpen hauek erakusten dute Monroe presidentearen 1823ko diskurtsoaren gaurkotasuna, hain zuzen, “Amerika amerikarrentzat” ardatza duen doktrina (“amerikar” terminoa kolonizatzaile anglosaxoien ondokoei egokituta, noski). Simón Bolivar edo José Martí bezalako etorkizun-sen handiko aitzindariek ohartarazitakoa argi frogatuta geratu zen. Monroe doktrinak guztiz bizirik dirau, eta izen argia izaten jarraitzen du: inperialismoa (egia-osteko mokoharro askok halako terminoak erabiltzea zaharkituta dagoela esan arren…). Justu bi mende geroago, AEBek Abya Yala–Latinoamerika “atzeko patio”-tzat hartzen jarraitzen dute.

Latinoamerika eta Karibean gertatzen diren gertakizun nagusiak ezin dira ulertu inperialismo yankiaren estrategia honetatik kanpo

1823rekin alderatuta AEBetako muga formalak haratago heltzen dira, Mexikoko iparraldeko eremuak okupatuta eta, “mendebalde basatia”-ren konkistaren bitartez, bertoko jatorrizko herriak erreserbetan konfinatuta eta beren lurrak lapurtuta. Hain zuzen, sarraski operazio hau Hitlerrentzako inspirazioa izan zen, III. Reicherako, bizi-esparrua Europako ekialdea konkistatzean helburua jarrita. Era berean, bi mende geroago, Amerikatik askoz urrunerago heldu dira: Guantanamon 1903an lehen base militarra ezartzetik, egun gutxienez 80 estatutan ehunka instalazio militar izatera (250-800, iturriaren arabera, batzuk sekretuak baitira).

Izan ere, mundu osoan zabalduta daude, estrategikoak diren puntuetan, bai baliabide natural zehatzez jabetzeko, bai beren etsai nagusiak inguratzeko (Filipinetako lau base militarretara sarbidea izateko egun hauetako hitzarmena logika horretan dago). NATO, AUKUS eta beste aliantza militarrak munduko nagusitasuna mantentzeko asmo honi erantzuten diote, Ukrainan jokatzen ari den partida barne. Monroe doktrina “Mundua amerikarrentzat” bihurtuta daukagu egun.

Europako potentzia kolonialisten aurrean formulatutako doktrina hura Txina eta beste potentzietara zuzenduta dago aspaldi. “Hau nire eremua da. Ez sartu”. Baita, nola ez, “atzeko patioa”-ren “barne etsaia”-ri ere bideratuta, mende luzean zehar odoltsuki gauzatuta: interbentzio militarrak, estatu kolpeak, komunismoaren kontrako aitzakiapeko errepresio orokortua… Nahiz eta errealitatea konplexua izan eta eragile batzuen interesak gurutzatu, Latinoamerika eta Karibean gertatzen diren gertakizun nagusiak ezin dira ulertu inperialismo yankiaren estrategia honetatik kanpo. Ez Bolivian, ez Perun, ez Venezuelan, ez Brasilen…

Kolonizatzaile europarrak indarrez aspaldi bota arren, urrun dago oraindik hainbeste iraultzaile amerikarrek borrokatutako “Aberri handia”. Izan ere, inperialismoaren esku-sartzearen eta bertoko oligarkien interes zekenen aurrean, herrien integrazioa ezinbesteko bidea da bigarren eta behin betiko independentziara abiatzeko.

Integrazioaren beharra arreta berreskuratzen ari da, urtarrileko CELACen goi-bilera adibideetako bat da

Integrazioak bultzada oso nabaria izan zuen XXI. mendearen hasieran, Chávezen ekimenez martxan jarritako elkarlan proiektu eta esparru askori esker: ALBA, Mercosur, Unasur, Telesur, CELAC... Hala ere, elementu askoren konbinazioaren ondorioz (barne zailtasun eta kontraesanak, elite ekonomikoen erasoak, inperialismo yankiaren gerra hibridoa…), burgesiak arnasa berreskuratu zuen eta integrazio prozesuan ageriko atzerakada ekarri zuen. Iniziatiba ALBAtik Limako Taldera pasatu zela ematen zuen.

Egun, estatu garrantzitsu batzuetan sozialdemokrazia gobernura helduta, ikuspegia zertxobait aldatu da. Integrazioaren beharra arreta berreskuratzen ari da. Urtarrileko CELACen goi-bilera adibideetako bat da, non, besteak beste, Argentinako eta Brasilgo agintariek Latinoamerika eta Kariberako txanpon propio bat bultzatzearen alde egin zuten. Integraziorako saiakera berri horrek zein garapen izango duen ikusteko dago.

Alderdi eta aliantza sozialdemokrata hauen hauteskunde-garaipen estuak eta beren ahultasun politikoa agerikoak dira, botere ekonomiko, judizial, mediatiko eta indarkeriaren instituzioen kontrola izatetik oso urrun egonda. Bistakoak dira barne kontraesan eta atzerapausoak ere (maputxeekiko Boricen gobernuaren jarrera errepresiboa, kasu).

Inperialismo yankiarekin lerrokatutako Europa honetan, erne egon gaitezen estrategia inperialistaren desinformazioa eta propagandari aurre egiteko

Horren guztiaren gainetik, zerbait argia bada honako hau da: benetako burujabetza eta herrien garapena proiektu sozialista batetik bakarrik etor daiteke. Eta hori behetik eraikitzen da, herriaren antolakuntzatik eta borrokatik. Hori da berme bakarra proiektu eraldatzaileak aurrera egiteko, gobernu ezkertiarrek neurri ausartak hartu ahal izateko eta, oligarkia lokalaren eta inperialismoaren erasoen aurrean, botere politikoan mantentzeko. Era berean, zonalde osorako proiektu bateratu batetik bakarrik lor daiteke aldaketa gauzatzea.

Lehia ez da batere erraza. Munduko nagusitasuna dago jokoan eta Latinoamerika joko/gerra honen zelai gakoa da. Hego Komandoaren buruak iragarri zuenez, interbentzionismoa areagotuko da. Estatu kolpe gehiago eta interbentzio militar zuzenagoak gertu egon daitezke. Inperialismo yankiarekin lerrokatutako Europa honetan, erne egon gaitezen estrategia inperialistaren desinformazioa eta propagandari aurre egiteko eta Abya Yalako herrien borrokei sostengua irmoki adierazteko. Haiek Monroe doktrina garaitzen duten heinean, gainerako herriok menperatzen gaituen inperialismoa ahulduta geratuko baita.

Iñaki Etaio, Askapenako militantea.