Moneta sistema dualarekin bukatzea erabaki du Kubako Gobernuak. Bi moneta edukitzeak ekoizpena oztopatu, eta kontabilitatea zailtzen du, Exekutiboaren ustetan.
1994az geroztik, Kubako pesoa (CUP) eta Kubako peso aldagarria (CUC) dira Kubako bi moneta ofizialak. Orduan, Sobietar Batasunaren erorketak eragindako denboraldi berezia gainditzeko balio izan zuen. Orain ordea, Castrok dio sistema monetarioa “agortuta” dagoela. Horregatik, egituraketa ekonomikoa gaurkotzen ari da Gobernua, eta gaurkotze horren baitan sartzen da moneta bateratzea; ez da neurri isolatua.
Ildo horretatik aztertu du erabakia Ariel Terrero ekonomialariak, Telesurrek egindako elkarrizketan. Haren irudiko Kuban aldaketa asko ezartzen ari dira, besteak beste, kontsumo ereduan eta ekoizpenean. Esan duenez, moneta bakarra izateak on egingo dio herrialdeari: “Beharrezko aldaketa da. Ekonomia bultzatuko, eta moneta sistema orekatua sortuko du”.
Raul Castrok ere bateratzeak ekar litzakeen onurak nabarmendu ditu, eta ekonomia “hauspotu” dezakeela uste du. Aldaketaren zailtasunaz ere mintzatu da: “Prozesu zaila izan daiteke, baina ez ditugu talka-terapiak erabiliko Europako hainbat herrialdetan egin duten bezala. Inor ez da babesgabe geratuko doikuntza neurri hauekin”.
Zergatik bateratu?
Egun, CUC batek 25 CUP balio du. Ondasun eta zerbitzu batzuk peso kubatarretan erosten dituzte, eta beste batzuk peso aldagarrietan baino ez. Bateratzeak, beraz, harreman ekonomikoak erraztuko lituzte.
Baina, batez ere enpresei zuzendutako neurria da. Egun, enpresa bakoitzak bi kontabilitate daramatza, moneta bakoitzean bat. Horrek, egoera bereziak sortzen ditu: moneta batean galerak eta bestean irabaziak izatea, kasu. Enpresa munduaren egoera aztertzea zail zaio, ondorioz, Kubako Gobernuari. Bateratzeak enpresen egoera zein den argituko duela dio Castrok.
Era berean, ondasun eta zerbitzuak ekoizten dituzten enpresei bultzada emango diela uste du presidenteak, eta esportazioak handitu nahi ditu.
Ez da “berehala” aplikatuko duten neurria izango; “graduala” izango da, Terreroren hitzetan.
Bateratzeak bateratze, Castrok adierazi du moneta bakarrak ez dituela arazo guztiak konponduko eta aldaketa gehiago beharko dituztela.