argia.eus
INPRIMATU
Mondragonen gidaritza hartu du Pello Rodriguezek, taldearen lehiakortasuna ardatz duela
  • Bilboko Euskalduna jauregian egindako urteroko kongresuan Mondragoneko lehendakariaren errelebo aldaketa irudikatu dute, orain arte taldeko buru izandako Iñigo Ucinek eta hemendik aurrera kargu hori hartuko duen Pello Rodriguezek. Horrez gain, hurrengo urteetarako bide orria zehaztu dute kide diren kooperatibek, talde "lehiakorragoa" eta "irekiagoa" egiteko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko uztailaren 18a
IƱigo Ucin (ezkerrean) eta Pello Rodriguez (eskuinean) erreleboa irudikatzeko unean. TuLankide

Iragarrita zegoen bezala, Pello Rodriguez (Urretxu, 1975) izango da abuztuaren 1etik aurrera Euskal Herriko talde industrial handienaren lehendakaria, Mondragonena. Bilboko Euskalduna jauregian hartu du erreleboa Iñigo Ucin zortzi urtez Kontseilu Orokorreko buru izandakoaren eskutik, asteazken honetan egindako urteroko kongresuan.

Ucinek erretiroa hartuko du eta Mondragonen lehendakaritzan egoteak ekarri dionaz hitz egin du TuLankide aldizkariarekin: "Mondragonen beste errealitate batzuk ikusi ditudanean, oso desberdinak, eremu desberdinetakoak, kolektibo, proiektu eta istorio oso desberdinekin, errealitate osoaren ikuspegi hurbilagoa izan dut. Azken batean, gizarteari ekarpen ikaragarria egiten dion enpresa multzo askotarikoa da".

Kargu aldaketa modu "naturalean" egin dela ziurtatu dute, Rodriguezek urteak baitaramatza lehendakariaren alboko lanetan. Danobat kooperatiban hasitakoa, Euskal Herrian zein atzerrian esperientzia handia du enpresen proiektuen kudeaketan urretxuarrak, eta talde kooperatibo erraldoiaren gidaritza egokitu zaio orain.

Kargu aldaketa modu "naturalean" egin dela ziurtatu dute, Rodríguezek urteak baitaramatza lehendakariaren alboko lanetan. Danobaten hasitakoa, Mondragon talde kooperatibo erraldoiaren gidaritza egokitu zaio orain urretxuarrari

Lehiakortasuna, lankidetza eta "etorkizuna daukaten negozioak"

Rodriguezek enpresa "lehiakorragoak" eta Mondragon Taldea "irekiagoa" egitea ditu helburu, azaldu duenez. Horretarako, Bilbon asteazkenean egindako urteroko kongresuan 2025-2028 urte arteko plana onartu kooperatibetako 650 ordezkari edo konpromisarioek.

Besteak beste, plan horrek aurreikusten du talde arinagoak sortzea eta egitasmo berriak laguntzeko finantza funtsak indartzea. Gainera, "etorkizuna daukaten negozio" berriengan arreta jarriko dute, adibidez, adimen artifizialean: "Beti ere jasangarritasuna zentzu zabalean integratuz negozioaren estrategian".

Bilboko Euskalduna Jauregian egindako kongresuan aukera izan zuten Iñigo Ucini agurra emateko. Argazkia: TuLankide

Lankidetza izango da hurrengo urteetako beste giltzarrietako bat, Bilbon berretsi dutenez. Bai taldeko kooperatiben artekoa –eta horrekin bat egiten du Biderkatzeko, batu darabilten leloak, bai beste erakunde batzuekin lankidetza ere, "irekitasun" horrek sortzen duen inpaktu soziala nabarmendu nahi baita.

70.500 langile

Mondragon barruan dauden entitate eta kooperatibek 70.500 laguni ematen die lana. 2022an Ulma eta Orona taldetik atera zirenean lanpostuetan jaitsiera nabaritu zuten arren, geroztik gora egin du kopuru horrek.

Gainera, 2023an lehen aldiz 11.000 milioi euroko fakturazioa gainditu zuten eta 593 milioi euroko etekinak lortu zituzten Mondragoneko kideek.