argia.eus
INPRIMATU
Taldetik irteteko bozketaren bezperatan
Mondragoneko buruek gogor hitz egin dute Ulma eta Oronaren kontra
  • Abenduaren 16an egingo dute Ulmak eta Oronak Mondragon Taldetik irteteko bozketa, eta aurreko egunetan, Mondragoneko buruek EiTBren hedabide publikoen bidez mezu gogorrak jaurti dituzte bi kooperatiben jokabideaz: "Mondragon eurek gabe ere ondo joango da", adierazi du Iñigo Ucin korporazioko presidenteak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko abenduaren 14a
Mondragoneko karguak udazken honetan taldean egindako kongresuko irudi batean.

Giroa lehendik ere gori bazen, aste honetan are gehiago sakatzea erabaki du Mondragonek, eta bere buruek hainbat elkarrizketa eskaini dizkiete EiTBri –ostiralean Ulma eta Orona kooperatibetako bazkideek taldetik irteteko egingo duten bozketatik egun gutxitara–. Hedabide honek tarte luze eta zabala eman die gainera.

Hala, astelehenean Leire Muguerza elkarrizketatu zuten Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Mondragon Korporazioko Batzorde Iraunkorreko presidenteak, Oronak eta Ulmak taldetik irtetea erabakiz gero, euren arteko harremanak jasango dituen ondorioez ohartarazi zuen: "Ez da gauza bera kanpoan ala barruan egotea". Muguerzaren esanetan, harremana "beste enpresa batzuekin dugun bera izango da".

Gainera, Lagun Aro edo Mondragon Unibertsitateak kooperatiba horiei zerbitzuak eskaintzeko aukera ere erakunde horien baitan geratuko dela azaldu zuen, "autonomoak" direlako.

Bi egun geroago hedabide publiko berak beste elkarrizketa bat egin dio Iñigo Ucin Mondragoneko presidenteari. ETB2-ko 12 minutos saioan, EiTB Mediako albistegietako buru Arantza Ruizen galderei erantzun die Ucinek: "Bazekiten eskatzen zuten prozedura onartezina zela epe motzean".

Mondragonek bere barruko kooperatibetan prozesua nola izan den azaltzen zabaldutako gutunaz galdetuta –Orona eta Ulma guztiz haserretu dira gutun horrekin– esan duten guztia "egia" dela azaldu du Ucinek: "Hala ere, esan dugun edozer beti hartu dute modu oldarkorrean".

Mondragon korporazioko presidenteak onartu du Orona eta Ulma irteten badira galera handia izango dela eta 70.000 langile ingurutan geratuko dela taldea, baina "eurek gabe ere ondo joango da", adierazi du.

Bi presidenteen hitzetatik ondoriozta daiteke ia egintzat jotzen dutela Ulma eta Orona Mondragonetik irtengo direla. Hala ere, taldearen irudia kalteturik ez irteteko kanpainarekin jarraitzen du Mondragonek. Esaterako, TuLankide hedabidean bideoa paratu dute, hainbat kooperatibatako kideen hitzak jasoz; Mondragonen zergatik dauden azaltzen dute bertan.