Mondragonek erreskatatuko ez duela jakinarazi ostean, Fagor Etxetresnek hartzekodunen borondatezko konkurtsoa aurkeztu dute gaur, Poloniako Fagor Mastercook S.A. filialarentzat. Donostiako Lehen Merkataritza arloko auzitegian egin du kooperatibak eskaera.
Kooperatibaren hitzetan, Fagor Mastercook hartzekodunen lehiaketan sartu izanak ez du eraginik Fagor Etxetresnengan, pasa den urriaren 16an, bere borondatez hartzekodunen aurre lehiaketan sartu zenez, lehiaketa legeak babesten duelako. Kooperatibak lanean jarraitzen du, behar duen finantziazioa aurkitzeko, Goiena.net-k dioenez.
Mondragon Korporazioaren ezezkoa
Fagor Etxetresnen bideragarritasun plana aurrera eraman ahal izateko diru gehiago ez duela jarriko jakinarazi du Mondragon Korporazioak. "Finantziazioak ez luke Fagorren etorkizuna bermatuko", esan du.
Prentsa oharrean dioenez, "kooperatibak aurkeztutako proiektuak ez ditu merkatuaren beharrak asetzen".
"Aho batez" hartu du erabakia Mondragonek.
Fagor Etxetresnak kooperatibak, bestalde, ohartarazi du Mondragonen zein erakunde publikoen laguntzarik jasotzen ez badu, hartzekodunen konkurtsoa deitu beharko duela, eta, ondorioz, bere jarduera guztiak desagertuko direla.
4.000 langile baino gehiagori eragingo lieke itxierak
Fagorren behin betiko itxierak, bertako langileei eta haien hornitzaileei eragingo lieke, baita Arrasateko eta inguruko komertzioei ere, besteren artean. Zuzenean ala zeharka, 4.000 lanpostu baino gehiago geratuko lirateke kolokan.
Fagorrek konfiantza berretsi du kooperatiba-ereduan: "Sistema kooperatiboaren oinarri diren elkartasun balioei eutsiz, enplegu guztiak mantenduko direla, birkokapenen zein jarduera berrien sorreraren bidez, eta baita aurre-erretiro eta aldez aurretiko erretiro duinak lortuko direla egoera horretan leudekeen bazkideentzat", dio plazaratutako oharrean.
Langileek manifestazioa deitu dute gaur Arrasaten, "enpleguaren defentsan". Fagor Etxetresnek San Andresen duten lantegitik aterako dira 18:00etan, Herriko Plazan amaitzeko.
Jaurlaritza: "Soilik alde guztien konpromisoarekin izango litzateke egingarria bideragarritasun plana"
"Eusko Jaurlaritza behin eta berriz azaldu da Fagor Etxetresnen etorkizunarekin konprometitzeko gertu, betiere bi baldintza betez gero: bideragarritasun plan egiazkoa eta egingarria izatea; eta Mondragon Korporazioak bideragarritasun plan hori onartzea eta plan hori abian jartzeko beharrezko diru ekarpenak egitera konprometitzea. Soilik alde guztien konpromisoarekin izango litzateke egingarria bideragarritasun plana". (Jaurlaritzaren balorazioa osorik, Goiena.net atarian)
Erreakzio eta iritzi gehiago, Mondraberri.com-ek argitaratuak:
Joxe Murgia eta beste bazkide kooperatibista batzuk: "Aldaketak sistema kooperatiboan".
LABek Fagorrentzako soluzioak eskatzen dizkie instituzioei eta erakunde finantzieroei.
Inazio Azkarragaurizar (Arrasateko alkatea): “Ez da trasteak bata besteari botatzeko garaia”