Mondragonek taldeko kooperatiba guztietara bidalitako dokumentu batean azaldu du zergatik bota zuen atzera Ulmaren eta Oronaren proposamena 2022ko kongresuan eztabaidatzeko. Ulmak haserre erantzun du, esanez Mondragoneko arduradunek “presio kanpaina” bat abiatu dutela euren asmoetan eragiteko.
Ulmak eta Oronak Mondragon taldea uzteko barne prozesuak abiatu dituztela jakin zenetik, kooperatiba-taldeen arteko eztabaida eta tentsioa handituz joan da, eta aste honetan bertan batzuek eta besteek publiko egindako oharrak dira horren erakusgarri.
Mondragonek taldeko kide guztien artean dokumentua banatu du, azalduz zergatik bota zuten atzera ekainean Ulmak eta Oronak helarazitako “harreman esparru berri baterako” proposamena, kongresuan eztabaidatu zedin. Mondragonen esanetan, Ulmak eta Oronak “itunpeko kooperatiben figura berri bat sortzea” eskatzen zuten, eta ez legoke denborarik halako planteamendu bat, “Mondragon kontzeptua bera aldatzen duena”, Kongresura eramateko.
Dokumentua Tulankide.com-en webgunean irakur daiteke osorik. Besteak beste, Mondragoneko batzorde iraunkorrak eta kontseilu errektoreak testuan diote “elkarrizketarako” prest daudela eta Oronako nahiz Ulmako organo sozialekin bilerak eskatu dituztela, “baina orain arte ezin izan gara batu”.
"Presio kanpaina"
Ulmak haserre erantzun du, esanez Mondragonek bazkide kooperatibistengan eragiteko “presio kanpaina” abiatu duela: “Jokabide horren azken adierazlea izan da atxikitako kooperatiba guztien artean Oronak eta Umak Mondragonen antolaketa malgutzeko aurkeztutako proposamenaren aurkako dokumentu bat banatu izana, baina proposamen hori ez zaie kideei modu oso eta egiazkoan helarazi”, azaldu du.
Dokumentu horretan esaten direnak Mondragoneko kideen atxikimedu-askatasun eta subiranotasunaren kontrako erasotzat ditu Ulmak. Bere esanetan, gainera “harreman-eredu ireki” planteatzen zen proposamenean “lankidetza-hitzarmenetan oinarritua”.
Ulmak jakinarazi du 38 informazio saio baino gehiago egin dituela bere bederatzi kooperatibetako 2.789 bazkideen artean, eta horren ondoren erabaki duela ez ohiko batzarra deitzea abenduaren 16an, Mondragonetik baja eman edo ez erabakitzeko.