argia.eus
INPRIMATU
Mondragonek berretsi du bere konfiantza kooperatibismoan
  • Euskal Herriko kooperatiben artean talde sendoena eta munduan ezagunena den Mondragon Korporazioak agiri batean finkatu du bere jarrera instituzionala Fagor Etxetresnen geldialdiak sortu duen lurrikararen ostean.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 20a
Herritar ugari bildu zen joan den ostiralean Fagor Etxetresnetako lanpostuen alde egindako manifestazioan.

"Mondragonek berretsi egin du eredu kooperatiboari buruzko erabateko konfiantza" oharrean, oroitarazi ondoren taldearen oinarriak ("... korporazioak pertsonen protagonismoan eta elkartasunean  oinarritutako bere eredu kooperatiboaren baliagarritasun eta indarra berresten du, kooperatiben garapena ahalbidetu baitu eta lankidetzaren erreferentzia bilakatu baita"), kooperatibok dauzkaten ezaugarri ekonomiko nagusiak laburbildu  ditu.

Mondragon taldeak EAEko Barne Produktu Gordinaren % 3,2 ekoizten du, %7,4 industria alorreko BPGri dagokionez. EAEko enplegu guztiaren %3,5 Mondragon kooperatibei dagokie, horren barruan industria enpleguaren %8,4. Euskal enpresek egindako esportazio guztien %12,2 dagokio taldeari, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren industria inbertsioen %10,7 Mondragon Korporazioak eginikoa da.

Korporazioa 289 erakundek osatzen dute, horietatik 110 direlarik kooperatibak. 80.321 pertsonak egiten dute lan enpresotan: %42 EAEn; %40 Espainian eta %17 nazioarteko merkatuan. Atalka, 36.963 ari dira industria arloan, 39.839 banaketa arloan, 2.486 pertsona finantzetan eta 1.033 ezagutzaren arloan.  Hamabost teknologia-zentro dauzka 2.096 ikerlarirekin. 2012an I+G+b alorrean 160 milioi inbertitu zituen.

Gogorarazi ondoren korporazioak biltzen dituen kooperatiba guztiak eta bakoitza autonomoak eta juridikoki independienteak direla, azpimarratzen du enpresa kideok badauzkatela zenbait elkartasun mekanismo komunean eta mekanismo horiek  taldea osatzen duen kide bakoitza indartu egiten dutela, agiria bukatu du Arrasateko kooperatibismoa deitu denaren printzipioen berrespenarekin: "Korporazioak berretsi egiten du eredu kooperatiboarengan duen konfiantza osoa, merkatu globalean bere enpresen lehiakortasuna berrindartzeko erronka eta bere pertsonenganako eta gizartearenganako konpromiso eta erantzukizun mezua helarazten du".