Egoitza Zamudion duen Sibol enpresa da orain artean filtrodun maskak egiten zituen Europako enpresa bakana eta jabetza italiarra du. Koronabirusaren osasun krisiak akuilatuta Euskal Herriko hainbat enpresak maskak egiteari ekin dio. Albiste honetan bildu ditugu Euskal Herrian maskak egiten dituzten enpresen berri.
Sibol enpresa da, Expansión-ek atera zuen albistearen arabera, filtrodun maskak egiten zituen enpresa bakarra, orain arte behintzat. Bakarra Euskal Herrian, bakarra Espainiako Estatuan eta bakana Europan. Koronabirusaren krisiaz geroztik egunean 16.000 maska ekoiztera jarri da eta horretarako 14 kontratazio berri egin ditu. Osakidetzarekin lotu du produkzioaren zati bat.
Zamudion dauka egoitza, baina jabea italiarra du: 2019ko ekainean Spasciani Spa etxe italiarrak erosi zion jabetza osoa Delta Plus Group talde frantziarrari (berau 2006tik zen Siboleko nagusi).
Villabonako Tag Trokelak industria grafiko, kartoigintza eta paketegintzarako egiten ditu trokelak eta maskak egiteari ekin diola iragarri zuen GipuzkoaGaur-ek martxoaren 25ean. Ordura arte erabiltzen zituzten plotterrak eta poliesterra erabiltzen ari dira Osakidetzarentzako maskak egiteko. Lehen egunetan 1.000 maska egitea espero zuten eta inguruko osasun etxeetara eramatea: Donostia, Tolosa eta Irun.
Barakaldoko Udalak eskatuta ekin dio Usoa Tailerrak 10.000 maska egiteari, martxoaren 25ean 20 minutos-ek argitaratu duenez. Egunean 600 maska egiten dituzte eta guztiak Osakidetzaren esku jarriko dituzte. Usoa Tailerrean ezgaitasuna duten pertsonek lan egiten dute.
Martxoaren 29an eman du albistea Euskadi Irratiak eta bertan elkarrizketatu dute Mondragon Taldeko kooperatiba den Bexeneko kide bat. Egoitza Hernanin duen enpresak osasun materiala ekoizten du azken 40 urteotan eta apirilean jarriko da maskak egitera Mondragon taldeko Assembly enpresarekin elkarlanean. Espainiako Osasun sailak 10 milioi maska ekoizteko enkargua egina dio. Kontratazio berriak egin beharko dituzte horretarako.