Mondragon Korporazioak Enplegu Bulego Korporatibo bat irekiko du, Goienak azaldu duenez. Fagor Etxetresnetako langileei konponbidea emateko, aurre-erretiroak eta birkokapenak eskaini nahi ditu Korporazioak.
Mondragon taldeak esan du, Goienak argitaratu duenez, oraindik ezin dela zehaztu zenbat langile geratuko diren egoera horretan, hau da, zenbat aurre-erretiro edo zenbat birkokapen egin beharko diren.
Oraingoz Euskal Herriko 1.700 langileei konponbidea bilatzen ahaleginduko direla adierazi du Korporazioak, eta ondoren Fagor Etxetresnak berak plan industrial bat egin beharko duela atzerrian dituen beste 4.000 langileei irtenbidea emateko.
Astelehenean langabeziara
Datorren astelehenetik aurrera Fagor Etxetresnetako langile gehienak langabezian geratuko dira. Langile gutxi batzuk jarraituko dute lanean, hartzekodunen borondatezko aurre-lehiaketan sartuta enpresako zenbait arlo ezin baitira itxi.
Astelehenetik aurrera Lagun Aroko prestazioa kobratzen hasiko dira langabetuak.
Manifestazioa bihar, Arrasaten
Manifestazioa deitu dute biharko Fagorreko langile bazkideek, gertatzen ari denaren inguruan haserrea adierazteko eta kooperatiba aurrera atera dadin eskatzeko. San Andresko lantegitik abiatuko da martxa 12:00etan eta Olandixon, Mondragon Taldearen bulego orokorretan, bukatu.