argia.eus
INPRIMATU
Mondragon Korporazioa hasia da Fagor Etxetresnetako langile batzuk birkokatzen
  • Mondragon Korporazioak jakinarazi du abian jarri duela Enplegu Bulego Korporatiboa, Fagor Etxetresnetako langileentzako lan aukera berriak sortzeko helburuarekin. Haietako batzuk birkokatu ditu jada.

Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko urriaren 25
Fagor Etxetresnetako langileen birkokapenak errazteko Bulegoa zabaldu du Mondragon korporazioak.

Bulegoaren zereginetako bat izango da gainerako kooperatiben beharrak analizatzea eta lanpostu horiek beteko lituzketen beharginen profilak definitzea, Etxetresnetako langileak beharren arabera birkokatzeko.

Mondragon Korporazioak jakinarazi du langile batzuk birkokatu dituela jada, eta taldeko kooperatibek lotuak dituztela hainbat elkarrizketa Etxetresnetako langileekin, postu zehatzetarako hautagaiak aukeratzeko.

Bestalde, oharrean dio kooperatiba ereduan "konfiantza osoa" duela eta Etxetresnetako egoerari betiko moduan egiten ari zaiola aurre: "Elkartasun mekanismoetan, kooperatiben arteko elkarlanean eta erantzukizun kolektiboan oinarrituta".