argia.eus
INPRIMATU
Mondragon Korporazioa elkarlanean ari da Israelgo defentsa fabrikatzaile handienarekin
  • Mondragon Korporazioak bost proiektu ditu esku artean erakunde israeldarrekin Ahoztar Zelaietak El Salton salatu duenez. Horren bidez hiru milioi euro inguru irabaziko ditu Mondragonek.

     

Manex Usarralde Garmendia 2024ko ekainaren 07a
Argazkia: Wikipedia

Mondragon Korporazioaren Ikerlan kooperatibak HERWIGNT proiektu aeroespazialean parte hartzen du 2023tik. Israel Aerospace Industries du proiektu horretan lankide. IAI Israelgo defentsa fabrikatzaile nagusia izateaz gain, industria esportatzaile nagusia ere bada. 2025eko abenduan proiektua bukatzea aurreikusten dute. Enpresa sionistarekin egindako proiektuari esker, Ikerlanek 350.575 euro irabaziko ditu.

Mondragon Korporazioaren Lortek koopoeratibak FLASH-COMP izeneko programa koordinatzen du Mondragon Sistemas de Información (MSI) firma eta IAIen artean. Proiektu hau, konposatuen produkzio jasangarriaren ingurukoa da. 2022an hasi zen, eta 2026an amaituko da. Lortek-ek 801.812 euro irabaziko ditu, eta MSIk 338.100 euro.

Mondragongo Ikerlan eta Matz Erreka enpresak, fabrikatzean hondakinak murrizteko proiektu batean, Yoran Imaging Ltd israeldarrarekin dabiltza elkarlanean, ZDZW izeneko ekimenean. Proiektu hau 2025era arte luzatuko da. Ikerlanek milioi bat euro irabaziko ditu, eta Matz Errekek 213.840 euro.

Datu memoriaren sektoreko EMPYREAN proiektuan korporazioaren Ideko euskal enpresa eta Mellanox Technologies Ltd israeldarra dabiltza elkarlanean. Proiektu hau otsailean hasi zen, eta 2027ra arte luzatuko da. Idekori 329.687 euro finantziatuko dizkio europako funtsak.

Azkenik, Neiker eta Udapa euskal enpresek Technion enpresarekin PATAFEST ekimenean parte hartzen dute. Udapa, Mondragon Korporazioren erakunde finantziarioa den, Laboral Kutxak sustatutako kooperatiba da. Nekazaritzaren sektoreko proiektu bat da, eta 2027an amaitzea aurreikusten da. Neikerrek 555.791 euro irabaziko ditu proiektu honi esker, eta Udapak berriz 147.543 euro.