Mariano Rajoyk hedabideen aurreko agerraldia egin du urriaren 1eko gertakariak baloratzeko. “Esan dezaket gaur ez dela erreferendumik egin Katalunian; gure zuzenbide estatuak indar osoz jarraitzen du”, esan du Espainiako presidenteak.
Rajoyk zilegitasuna kendu dio Generalitateak deitutako autodeterminazio erreferendumari, eta adierazi du Kataluniako herritarren gehiengoak bizkarra eman diola deialdiari. "Eszenifikazio hutsa izan da". Espainiako presidentea hori esaten ari zen une bertsuan zabaldu da erreferendumean bozkatu dutenen kopuruaren datua: hiru milioi inguru.
Poliziaren jarduera onetsi du presidenteak, eta ez du aipamenik egin 400dik gira zaurituez eta egun osoan Kataluniako karrika eta hauteslekuetan ikusi diren bortizkeria irudiez. Espainiako polizi indarrek neurriz jokatu dutela esan du, eta gehitu du nazioarteko komunitate osoaren babesa jaso du duela Madrilek gaurkoan.
Etorkizunari dagokionez, berehalako urrats bi iragarri ditu Mariano Rajoyk: Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin biltzea –“elkarrizketarako borondatea” beti eduki duela” esan du, izan ere–, eta bihar bertarako bere agerraldia eskatzea. Generalitateari, berriz, hartutako bidea uzteko eskatu dio, eta zeharka bada ere –ez baitu poliziaren erasoaldiaren larritasuna aitortu–, gaurko gertakarien erantzukizun osoa leporatu dio. "Bazekiten erreferenduma legez kanpokoa eta ezinekoa zela, baina ez die inporta izan".