argia.eus
INPRIMATU
Kataluniak eta Hego Euskal Herriak botako lukete Felipe VI.a, Espainiako Estatuan erreferenduma eginez gero
  • Argitara eman dira estatuko hamasei hedabide independentek bultzatu duten monarkiaren inguruko inkestaren emaitzak. Balizko erreferendum batean errepublikaren alde bozkatuko luke estatuko herritarren %40,9ak, eta monarkiaren alde %34,9ak. Katalunian eta Hego Euskal Herrian soilik dago monarkiaren aurkako emaitza argia, %60tik gorakoa.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 12a

Urriaren 12an egin dute publiko Espainiako Estatuko hamasei hedabide independentek inkestaren emaitza. Lurralderik antimonarkikoenak alde handiz Hego Euskal Herria eta Katalunia direla erakusten dute emaitzek –Herrialde Katalanen datuak bestelakoak lirateke, dira, besteak beste Valentziako erkidegoan monarkiak irabaziko lukeelako–.

Ikusgai dagoen txostenean ez daude erkidego guztien datuak ezberdinduak, baina elsalto-k argitaratu duenaren arabera, Kataluniako herritarren %66a eta Hego Euskal Herriko biztanleen %60,8ak errepublikaren alde bozkatuko luke. Estatu mailan ere errepublikaren aldeko hautuak irabaziko luke, baina doi-doi, eta azken emaitza zalantzatiek erabakiko lukete: errepublikaren alde %40,9ak bozkatuko luke; monarkiaren alde %34,9ak; zalantzatiak %12,9 dira gaur egun. Katalan eta euskaldunik gabe, monarkiak irabaziko luke.

65 urtetik gorakoen arten soilik monarkia garaile

Beste datu interesgarririk ere ematen dute emaitzek. Esaterako, estatuan 65 urtetik goragoko herritarren artean soilik da nagusi monarkiaren aldeko jarrera. Monarkiaren aurkako bozka nagusi izango litzateke inkestaren arabera, baina herritarrek duten pertzepzioa kontrakoa da: hau da, monarkiaren aldekoek irabaziko luketela. Hori bai, gehiengo batek uste du erreferenduma beharrezkoa dela. Erreferendumaz gain, inkestan beste gai askoren inguruko galderak ere egin zaizkie herritarrei: zer errepublika mota hobesten den, errege etxeko pertsona bakoitzaren balorazio indibiduala –Sofia erregina emerituak du onarpen handiena 5,9ko puntuazio batekin–, edo Felipe VI.aren eta Juan Carlos I.aren erregetza aldiena.

Monarkiaren inguruko inkesta Espainiako Estatuko hamasei hedabide independente batzen dituen Plataforma de Medios Independientes elkarteak bultzatu du, ikusita Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) bost urte daramatzala monarkiaz galdetu gabe. Inkesta egiteko dirua lortzeko kanpaina publikoa abiatu zuten, eta egun bakarrean lortu zuten beharrezko kantitatea. Inkesta 40dB iritzi institutuak egin du, CISaren lehendakari ohi Belén Barreirok zuzentzen duena.